Segurola erremontista aizarnazabaldarrak ez zuen atzo txapelik etxeratu. Izan ere, Ezkurra II.ak eta Azpirozek Segurolaren eta Barrenetxea IV.aren aurkako finala irabazi zuten 0-2 (12-15, 13-15) emaitzarekin, Galarretan (Hernani, Gipuzkoa). Era horretan, Binakako-Orona Fundazioa Erremonte Txapelketako garaile bikote nafarra izan da.
Bikote urdinak sendotasuna eta oreka erakutsi zituen atzo Galarretako finalean, eta Segurola eta Barrenetxea IV.a baino bikote orekatuagoa osatu zuten. Barrenetxea IV.a atzelari hernaniarrak maila ona eman zuen, baina Segurolak finaleko presioa antzeman zuen eta ez zen aske aritu jokoan. Dena den, aurkariek bikote sendoagoa osatu arren, gorriak beti egon ziren partida barruan eta bi setak parekatuak izan ziren.