Aizarnazabalgo Udalak datorren urteko tasak eta zergak %3 igotzea erabaki du. Joan zen urriaren 16an egindako udalbatzarrean aho batez onartu zuten 2025ean, oro har, igoera hori aplikatzea udalari dagozkion tasetan eta zergetan; Udal Gobernuaren proposamenaren aldeko boza eman zuen EAJk.
Udalaren eskumenekoak diren tasak eta zergak %3 igoko dituzte, beraz, 2024ko KPIaren aurreikuspenaren arabera. Dena den, badira salbuespenak. Ondasun Higiezinen gaineko Zergak (OHZ), esaterako, %2ko igoera izango du, Gipuzkoako Foru Aldundiak gauzatu duen katastro balioen berrikuspenera egokitu baitute.
Aldaketarik esanguratsuenak, ordea, hondakinak bildu, garraiatu eta kudeatzeko tasan izango dira –lehen zabor tasa zenean–; izan ere, 7/2022 Legera egokitu behar izan dute, eta lege horrek dioena da zerbitzuaren gastua ordaintzeko behar adina diru bildu behar dela. Orain arte zerbitzu hori "defizitarioa" zela azaldu du Aizarnazabalgo Udalak: "Zenbatekoak egokitu egin behar izan dira zerbitzuaren kostuen eta diru sarreren arteko orekara iritsi ahal izateko. Gaur egun kostua 87.779,26 eurokoa da, eta diru sarrerak, berriz, 57.403,96 euro. Beraz, defizita 30.375,3 eurokoa da". Horregatik, zabor tasan %30eko igoera aplikatuko zaie etxebizitzei nahiz saltokiei, eta %60koa industriari.
Udal Gobernuak azaldu duenez, ordenantza horiek urtez urte berrikustearen helburua da zerbitzu publikoen kostuaren eta zerga bilketaren arteko orekara hurbiltzea. "Kalitatezko zerbitzu publikoak eskaini ahal izateko adina biltzea, betiere progresibitatea kontuan hartuta". Horrenbestez, 2025erako igoera aplikatzea bi alderdik baldintzatu dutela azaldu du: "Bizitzaren kostuaren igoera orokorrak, eta hondakinak biltzeko zerbitzuko zero defizitari buruzko lege eskakizunak".
Hobariak mantendu
Aizarnazabalgo Udalak aurreko urteetan hainbat eremutan martxan jarritako hobariak mantendu egingo ditu. Hain zuzen ere, energia eraginkortasuna hobetzen eta kalteberatasun egoeran dauden familiei laguntzen jarraituko du erakundeak.
Hori bai, izango da aldaketa bat hobarietan ere: lehen 25 urtetik gorako ibilgailuak zituzten herritarrek %50eko hobaria izaten zuten, baina aurrerantzean %25ekoa izango dute, kutsaduragatik.