Atzo Gozategiren doinuetara hasitako parrandaren ondotik, hondoarekin egongo dira asko eta asko Aizarnazabalen, baina beste zenbait goizetik atera da kalera San Miel egunaz gozatzera. 12:00etan hasi dira gaurkorako prestatutako ekintzak, mezarekin. Ordurako prest zituzten plazan sagardo boteilak eta txorizo pintxoak; izan ere, ordu horren bueltan hasi da sagardo txapelketa ere.
Eguraldi ederra izan da eguerdi partean Aizarnazabalgo plazan, eta adin guztietako herritarrak elkartu dira sagardo txapelketaren eta bolo sariketaren bueltan. Aurten, zazpi sagardogile aurkeztu dira Aizarnazabalgo sariketara: Etxabe Errota, Iturri Bide, Zubizaurre, Sarasola Berri, Errota Txiki, Erdulta Azpikoa eta Intxaurregi. Sarasola Berrik irabazi du sagardo txapelketa, eta Ainhoa Etxabek bolotakoa.
Jan-edanak ez du hutsik egin, eta gehienak bertaratu dira sagardo sariketan parte hartu duten edariak dastatzera. Sabelak betetzeko, berriz, pintxoak. Alaitsu musika eta dantza eskolako gaztetxoek girotu dute San Miel eguneko eguerdia, trikiti eta pandero doinuz.
Erronka berezia eta agurra
San Miel eguna borobiltzeko herri kirol erakustaldia izango da arratsaldean herrian, baina ez da edonolako hitzordua izango. Hain zuzen ere, Joseba Ostolaza eta Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.a harrijasotzaileen azken saioa izango da gaurkoa, eta beraien kirol ibilbideari agur esateko erronka dotorea prestatu dute. 18:00etan hasiko da ekitaldia.
100 kiloko zilindro kopa aukeratu dute lanerako, eta guztira 101 jasoaldi emango dizkiote bien artean. Altxaldien banaketa izango da jasotzaile bakoitzak duen adina: Izetak III.ak 51 aldiz eta Ostolazak 50 bider. Ekitaldiak, era berean, belaunaldi berriei bide eman nahi die: 40 harrijasotzaile gazte elkartuko dira bi beteranoak omentzeko