Etzi ospatuko dute Jan Sano eta Bizi Pozik azoka Aizarnazabalen

Intza Trula 2024ko maiatzaren 30a

Iazko Jan Sano eta Bizi Pozik azokako irudia. (Nerea Uranga)

Besteak beste, lehen sektoreko bertako ekoizleen zein artisauen postuak jarriko dituzte Aizarnazabalgo plazan, 10:00etatik 14:00etara. Horrez aparte, umeentzako poniak eta tailerra eta jan-edanerako aukera ere izango da goiz osoan zehar.

Askotariko postuek hartuko dute hamaikagarrenez Aizarnazabalgo plaza, Jan Sano eta Bizi Pozik azokaren aitzakian, etzi. Derrigorrezko hitzordua bilakatu da azoka hori, eta urteroko legez, Aizarnazabalgo Udalak herritar guztiak animatu ditu bertaratu eta egunaz gozatzera. Azken urteetan egin ohi duten moduan, 10:00etatik 14:00etara bitartean lehen sektoreko bertako ekoizleen zein artisauen produktuak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da –30 postu inguru jarriko dituzte aurten–. Halaber, goiz osoan zehar era guztietako pintxoak eta sagardoa dastatu ahal izango dira, eta umeek ere izango dute jolaserako aukera.

Alde batetik, euskal produktuez osatutako 11 postuk jarriko dute mahaia plazan. Postu horietan barazkiak, fruta, haragia, eztia, kontserbak, garagardoa, ukenduak eta beste hainbat produktu eskuratu ahal izango dira.

Bestetik, eskulangileen produktuak salduko dituzte hamasei postutan: esaterako, alpargatak, eskuz egindako poltsak, mineralak, jostailuak eta bitxiak erosi ahal izango dira mahai horietan. Horrez gainera, baserriko makineria ere egongo da salgai.

Postuetan ibiltzeko aukeraz gain, eguerdi partean erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute Aizarnazabalera joaten diren guztiek. 12:30ean, hain zuzen, astoaren eta zaldiaren arteko erronka ikusi ahal izango da. Bustietako (Astigarraga, Gipuzkoa) Irrintzi astoa eta Xanartako (Zumaia) Etoo zaldia izango dira protagonistak erakustaldian.

Hori gutxi ez balitz, sabela betetzeko burduntzian erretako bildotsa eta bestelako pintxoak jateko eta sagardoa txotxetik edateko aukera izango da. Eta, musikarik falta ezin denez, Jon Izagirre DJa arduratuko da goizean azoka girotzeaz.

Poniak eta eskulan tailerra

Helduentzat zein gazteentzat ez ezik, haurrentzako jarduerak ere antolatu ditu Aizarnazabalgo Udalak etzirako. Ordubetez, 11:30etik 12:30era bitartean, poniaren gainean alde batera eta bestera ibili ahal izango dute etxeko txikienek.

Horrez aparte, kamisetak margotzeko txoko bat ere jarriko dute gainerako postuen alboan, haur bakoitzak bere kamiseta margotu eta apain dezan. Antolatzaileek jakinarazi dute tailer horretan parte hartu nahi duenak etxetik eraman beharko duela kamiseta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide