Bihar abiatuko dute Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketa Aizarnazabalen

Intza Trula 2024ko maiatzaren 23a

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketaren antolatzaileak. (Gael elkartea)

Bi partida jokatuko dituzte bihar arratsaldean: 17:30ean umeen kategoriakoa eta 19:30ean helduen kategoriakoa. Biak Aizarnazabalgo pilotalekuan izango dira.

Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketaren haurren eta helduen lehenengo jardunaldiko bi partida jokatuko dituzte bihar Aizarnazabalgo pilotalekuan. Haurren kategoriako partida 17:30ean izango da: Aizarnazabalgo taldeak Errezilgoaren aurka jokatuko du, hain zuzen. Helduen kategorian Aizarnazabalen eta Itziarren arteko norgehiagoka izango da, 19:30ean.

Larunbatean, Ikaztegietako pilotalekuan jokatuko dituzte lehenengo jardunaldiko beste bi partidak. 17:00etan Kutturru eta Betelu izango dira aurrez aurre umeen kategorian. Helduek 18:30ean jokatuko dute; Kutturruren eta Berrobiren arteko norgehiagoka ikusteko aukera izango da. Datorren asteburuan jokatuko dituzte finalerdietako itzulerako neurketak, eta finala Berrobin izango da, ekainaren 8an.

Guztira launa taldek eman dute izena aurtengo Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketan. Iaz, helduen kategorian Aizarnazabalek eta Kutturruk hartu zuten parte, eta, aurten, Itziar eta Berrobi taldeak batu zaizkie lehiara. Umeen kategorian, berriz, Aizarnazabal, Errezil, Betelu eta Ikaztegieta lehiatuko dira garaipenaren bila.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide