Bizkarsoro, Josu Martinez zuzendariaren fikziozko lehen film luzea eskainiko dute ostiral honetan Lauburun, eta amaitzean solasaldia egingo dute. 18:00etan hasiko da, Lauburuko proiekzio gelan. Sarrera doakoa izango da, eta 12 urtetik gorako herritarrei zuzendutakoa da.
Fikziozko herrian girotutako filmak euskarak XX. mendean Ipar Euskal Herrian ezagutu zuen bilakaera, atzerakada, erakusten du. "Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna", dio filmaren sinopsiak.