Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zituen Mikel Orbañanos Uemako teknikariak iazko abenduan Aizarnazabalen, eta datorren ostegunean, hilaren 22an, egingo dute bigarren bilera. Hain zuzen, joan den ikasturtean abiatu zuten egitasmoa herriko eskolan, Uemak, guraso elkarteak, Basakaitz eskolak eta Aizarnazabalgo Udalak elkarlanean, eta ondoren, herrira zabaldu zuten. Basakaitz eskolan izango da bilera, 17:30ean.
Hala, proiektuaren helburu nagusietako bat komunikazio hizkuntza euskara izatea da, baita jatorri atzerritarreko herritarren ulermena erraztea ere, beraien parte hartzea bultzatuz. Horren aurrean, besteak beste, Zer berri Aizarnazabalen herriko aldizkaria digitalizatu dute, eta guraso elkarteak euskarazko komunikazio kanala sortu du Telegramen.
Orain arte emandako pausoak indartzeko eta berriak martxan jartzeko egingo dute bilera, eta udalak herritar oro gonbidatu nahi izan du bertara.