Santa Ageda bezpera bihar izanagatik, zenbait herritan aurreratu egin dute santa eskean aritzeko zita, eta horietako bat da Aizarnazabal. 09:00ak jotzearekin batera, udaletxe aurrean elkartu dira hainbat lagun, eta santa eskean hasi dira herrian, ondoren inguruko baserrietara joateko.
Arratsaldean, berriz, Basakaitz eskolako haurrak batuko dira helduen kantujirara. Zubialdera joango dira, eta 18:00etan herrira itzuli. Hortik aurrera helduek bakarrik jarraituko dute, eta Mugitzagainara eta Ibañarrietara joango dira.
