Beste urte batez, Aizarnazabalgo Larraxko baserrian hazitako txerri bat izango da protagonista San Tomas egunez, Donostian. Hain zuzen, Xixili du izena abenduaren 21ean Donostiako Plaza Berrian erakusgai jarriko duten txerriak, eta 350 kiloko basatxerri emea da. Astelehenean aurkeztu zuten Xixili Larraxkon bertan, eta orduan jakinarazi zituen protagonistaren inguruko xehetasunak Manu Eizagirre abeltzainak.
Larraxko baserriko abeltzaina ez ezik, Basatxerri kooperatibako kidea da Eizagirre, eta haren jarduera ekonomikoa Basatxerri kooperatibaren barruan kokatzen da. Hark azaldu duenez, Xixiliren handitasunak badu azalpena: "Xixili beste txerriekin batera etorri zen hona duela urtebete pasatxo. Lau hilabete ingururekin ekarri genituen txerriak, eta orduan 25 kilo inguru pisatzen zuten. 140 txerri hazten ditut ukuiluan, batez beste. Basatxerria, ordea, sei hilabete inguruz egoten da ukuiluan, eta Xixili denbora gehiagoz izan dut hemen zaintzen, aurtengo santomasak iritsi arte. Beraz, izatez, gainerako txerriak bezalakoa da, baina denbora gehiago darama baserrian". Iaz, haztegi bereko Roxaito izan zen santomasetarako aukeratu zuten txerria, baina Xixilik aise gainditzen du pisuan, Roxaitok 200 kilo inguru pisatzen baitzituen.
Donostiako Udalak eskatuta, urtero eramaten dute txerri bana Donostiara santomasetako feriara, jendeak ikus dezan. Animalia aukeratzerakoan kontuan hartzen dituzten ezaugarriez galdetuta, argi erantzun du Aizarnazabalgoak: "Orain arte jarri didaten baldintza bakarra txerria emea izatea da, eta ahal bada, pisu pixka bat edukitzea. Gure esku dago zer txerri aukeratu, polita delako, handia delako edo gustatzen zaigulako. Hala ere, Basatxerriko txerri gehienak zuriak izaten dira".
Xixili izango da San Tomas eguneko protagonista, baina Eizagirre berak ere badu meriturik; izan ere, hura arduratu da animalia zaintzeaz eta hazteaz. "Kooperatiban txerriak hazten ditugunean ez dugu lehentasunik izaten, denak modu berean zaintzen ditugu. Basatxerrin hazten ditugun animaliak aske hazten dira, mendian eta naturan; ukuiluak ere badituzte, aterpea, jatekoa eta edatekoa izan ditzaten, baina beren kabuz ibiltzen dira larrean", azaldu du. Hala ere, aitortu du San Tomas bezperetan beste tratu bat ematen diola Donostiara eramango duen txerriari, haren konfiantza lortzeko: "San Tomas aurretik saiatzen naiz gehiago hurbiltzen txerriarengana, bion arteko harremana eta lotura sortzeko, Donostian lasaiago egon dadin. Tarteka hitz egiten diot txerriari, eta hark eskertzen duela dirudi". Jende artera joan aurretiko prestaketak dira, nolabait: "Donostiakoa festa egun bateko zoramena da. Batzuek uste dute animalienganako tartu txarra dela, baina nik ez dut uste horrela denik. Xixili arraro sentituko da, baina ni han egongo naiz, eta pentsatzen dut moldatuko garela. Esperientzia hori izan nuen iaz Roxaitorekin".
Xixili Basatxerritik Donostiara eramango duten bigarren txerria da, eta kooperatibako kideak "oso pozik" daude gonbidapenagatik, Donostian egoteak basatxerriari "ikusgarritasuna" ematen diola pentsatzen baitute.