Azaroa hasieran zabaldu zuen Aizarnazabalgo Udalak herria Zumaiarekin lotzen duen garraio zerbitzuaren inguruko iritziak biltzeko kutxa, "autobus zerbitzuaren ordutegi eskaintza zabalagoaren beharrak" bultzatuta. Udalak azaldu duen moduan, hogei ekarpen inguru jaso zituen buzoian denbora tarte horretan, "ordutegia mantentzeko eta zabaltzeko" eskatuz. Udalaren esanetan, eskaerak askotarikoak baziren ere, eguerdi parteko hutsunea betetzeko beharra azpimarratu dute askok: "Ugariak izan dira eguerdiko garraio zerbitzua indartzeko eskaerak. Adineko jendeak adibidez, beharrezkoa du erosketak egiteko joan-etorrietarako". Gipuzkoako Foru Aldundiari igorri dio proposamena, hutsune horiek eta arratsaldeko beste batzuk betetzeko helburuarekin.
Oro har, asko dira –haur, gazte zein heldu– egunerokotasunean Aizarnazabal bezalako herri txiki batetik alboko herri handiago batera mugitzeko beharra dutenak, dela erosketak egiteko, dela beste edozein zerbitzuetara jotzeko. Hori horrela izanik ere, egungo herriko autobusaren ordutegiak gehienetan ez ditu erabiltzaileen beharrak asetzen. "Ez daude ordu asko. Horregatik, askotan ez diogu autobusari jaramonik ere egiten, eta zuzenean autoa hartzen dugu", adierazi du Ane Etxabe herritarrak .
"Hori arriskutsua izan daiteke pare bat garagardo edandakoan, eta horregatik garrantzitsua da gaueko zerbitzua ere indartzea", gehitu du Aitor Etxeberria aizarnazabaldarrak: "Erraza da esatea alkohola kontsumitzean kotxerik ez hartzeko, baina etxera itzultzeko beste aukerarik ez ez dugu izaten askotan".
Duela hamar urte inguru Aizarnazabal eta Zumaia lotzen dituen autobus zerbitzua indartu zuten, eskolarako joan-etorriak egiten zituzten gazteen eta nerabeen mesederako. Halere, zerbitzuak ahula izaten jarraitzen du, Etxaberen iritziz. "Batzuetan autobus batetik bestera lau orduko tartea dago, edota joateko duzun arren, itzultzeko ez duzu autobusik", gaineratu du. "Hobekuntza handia izango litzateke guztiontzat autobus zerbitzua indartzea. Autoa askoz ere garestiagoa da, eta, bestalde, nerabeak dituzten gurasoek alde batetik bestera ibili behar dute uneoro seme-alabak eskolaz kanpoko jardueretara eramateko eta horietatik ekartzeko".
Horren aurrean, astegunetan zein asteburuetan, goizeko, eguerdiko eta arratsaldeko hutsuneak betetzen dituen proposamena luzatu dio Aizarnazabalgo Udalak aldundiari: astegunetan, esaterako, 11:10ean, 19:30ean eta 21:10ean Zumaiatik Aizarnazabalera itzultzeko autobusa eskatu du; 11:25ean, 19:45ean eta 21:45ean, berriz, Aizarnazabaldik Zumaiara joateko. Asteburuetan, 11:10ean, 15:45ean eta 20:10ean Zumaiatik Aizarnazabalerako autobusa jartzea eskatu du; Zumaiara joateko, berriz, 11:25ean, 16:00etan eta 20:25ean.
Hainbat herritarrek gaueko zerbitzua indartzeko nahia ere azaldu dute, baina, oraingoz, Aizarnazabalgo Udalak ez du zerbitzu hori aldatzeko asmorik agertu. Gipuzkoako Foru Aldundiak aztertuko du orain eskaera, eta jakin bezain laster helaraziko zaie herritarrei onartutako ordutegi berria.