Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren lehen zertzeladak aurkeztu zituen Mikel Orbañanos Uemako teknikariak atzo arratsaldean Basakaitz eskolan emandako hitzaldian. Teknikariak azaldu bezala, iazko ikasturtean abiatu zuten egitasmoa eskolan, Uemak, guraso elkarteak, Basakaitz eskolak eta Aizarnazabalgo Udalak elkarlanean, eta, orain, proiektua herrira zabaldu dute.
Orbañanosek aipatu zuenez, Zaldibian du sorburua proiektuak, eta 2022-2023 ikasturtean ikastetxe bakarreko sei udalerritara zabaldu zuten; horien artean, Aizarnazabalera. Besteak beste, proiektuaren xede nagusietako bat komunikazio hizkuntza euskara izatea da, baita jatorri atzerritarreko herritarren ulermena erraztea ere, beraien parte hartzea bultzatuz.
Teknikariaren hitzetan, "euskarak ez du etorkizuna bermatuta": "Horregatik ez dugu atzerritik etorritako herritarrentzat euskara oztopo bilakatu behar. Lanketa bat egin behar dugu, gaztelerak hemen nagusitasun handia baitu". Zera gehitu zuen: "Erabiltzen ez den hizkuntzak etorkizun iluna dauka". Hori horrela izanik, proiektuaren erronka zein zen azaldu zien hitzaldira bertaratu zirenei: hiztun gehiago izatea eta euskararen erabilera handitzea, hain zuzen.
Aizarnazabal, arnasgune
Euskararen arnasguneetako bat da Aizarnazabal; hau da, euskaraz lasai bizi daitekeen eremua, eta datuek ere horrela diote. Aizarnazabalgo herritarren euskaren ezagutza, etxeko erabilera, kaleko erabilera eta beste hainbat datu plazaratu zituen Uemako teknikariak jarraian, eta azken urteetan datuek apur bat behera egin badute ere, portzentajeak altua izaten jarraitzen duela zioen Orbañanosek.
Azken urteetan asko izan dira beste estatu batzuetatik Euskal Herrira –baita Aizarnazabalera– etorri diren herritarrak. Hori horrela izanik, komunikatzeko modu berriak aurkitu behar direla zioen Orbañanosek: "Konponbidea ez da gazteleraz jardutea, eta euskaraz bizi daitekeela erakutsi behar diegu oraindik euskara ez dakitenei". Horrez aparte, elkarrizketetan gaztelaniara pasatzeko joeraz ere mintzatu zen: "Gure udalerria euskalduna dela plazaratzea garrantzitsua da, eta elkarrizketa batean gaztelaniara ez pasatzea ez da errespetu falta edo heziketa falta".
Gakoa "elkarrekikotasuna" dela zioen Uemako teknikariak: "Bakoitzak bere alea jarri behar du gauzak aldatzeko". "Jarrera abegikorra eta begirunea erakutsi behar ditugu euskararekiko zein gainontzeko hizkuntza guztiekiko, eta jendea euskara ikastera animatu", gaineratu zuen. Halaber, identitate pluralaz hitz egin zuen: "Ez dago hizkuntza bat albo batera utzi beharrik beste bat hitz egiteko".
Bide luzea
Prozesua luzea dela zioen Uemako teknikariak: "Hau ez da egun batean lortzen den zerbait, pixkanaka joango gara eta lan asko dugu aurretik". Horrez gainera, "konponbide perfekturik ez" dagoela azaldu zuen: "Komunitatea indartzeko ezkor egonda gauza gutxi egin daiteke, beraz gogoa jarri behar da".
Behin herritarren aurrean proiektuaren aurkezpena eginda, datorren bilkura otsailean egingo zutela azaldu zieten herritarrei. Bertan talde eragile bat sortzea da asmoa, proiektuak aurrera jarrai dezan. Bilerarako data zehaztean emango zaie herritarrei horren berri.