Heltzear da abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, eta egunaren bueltan hainbat jarduera antolatu ditu Aizarnazabalgo Udalak herritarrentzat. Esaterako, 14:30ean puzgarriz bete da Atari Soro pilotalekua, eta etxeko txikienek bi orduz jardun dute etenik gabe horietan jolasean. Amaieran, indarrak berreskuratzeko, txokolatea banatu diete bertaratu direnei.
Arratsaldean, aldiz, Euskara eta Kulturartekotasuna proiektuaren aurkezpena egingo dute Basakaitz eskolan, 18:00etan. Ondoren, udaletxe aurrera joango dira, bertan jarritako murala euskararekin lotutako esaldiz eta argazkiz betetzera. Murala betetzeko aukera asteburu osoan zehar egongo da.
Hori horrela, udalak herritar oro gonbidatu du proiektuaren aurkezpenera, baita datozen egunetan murala betetzeko tartea hartzera ere.