Sinadura bilketa hasi dute Aizarnazabalgo kontsultategian mediku bat jar dezaten eskatzeko

Intza Trula 2023ko azaroaren 17a

Lauburu gunea. (Artxibokoa)

Denbora da Aizarnazabalgo herritarrek kontsultan medikurik ez dutela eta artatuak izateko beste herrietako kontsultategietara jo behar dutela. Udalak egoera honi aurre egiteko sinadura bilketa hasi du, Osakidetzak mediku bat izendatzeko eta zentrora bidaltzeko eskatzeko. 

Aizarnazabalgo ohiko medikuaren baja ordezkatu ez dutela eta, herritarrak aspalditik daude medikurik gabe kontsultategian, eta artatuak izateko beste herrietara joan behar dute. Hori dela eta, udalak martxan jarri du sinadura bilketa, Osakidetzak mediku bat herriko kontsultategira bidal dezan eskatzeko.

08:00etatik 11:00etara bitartean eskaintzen zen zerbitzua herrian; egun, astean behin bakarrik joaten da medikua bertara eta berriz ere aurreko ordutegira itzultzeko eskatu nahi dute sinadurekin. Udalak azaldu duen moduan "ezinbestekoa" da zerbitzua herritarrentzat, "udalerrian bizi diren eta Getariako kontsultategira joan ezin duten adinekoen eta gaixoen kopurua handia baita". 

Eskaera Aizarnazabalgo Udaletxean, Mauxe janari dendan eta Erauskin Altuna farmazian sinatu daiteke, azaroaren 24ra bitarte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide