Etxabek eskuratu du II. Asto Proba Sariketako garaipena

Intza Trula 2023ko azaroaren 6a

II. Asto Proba Sariketa jokatu dute asteburu honetan Aizarnazabalgo probalekuan. Bigarren urtez jarraian etxean geratu da txapela, Etxabek irabazi baitu lehia 83 plaza osatuta.

Aipe Aizarnazabalgo idi proben elkarteak antolatutako II. Asto Proba Sariketa jokatu dute larunbatean eta igandean herriko probalekuan. Guztira sei parte hartzaile lehiatu dira: Unai (Mallabia), Irazola (Mallabia), Billabaso Elkartea (Maruri), Artabilla (Oikia), Etxabe (Aizarnazabal) eta Elorduy (Berango). 

Bigarren urtez jarraian Etxabe aizarnazabaldarrak egin du lan onena 83 plaza osatuta, eta, beraz, herrian geratu da beste behin txapela. Elorduy izan da bigarren, 81 plaza eta 2 zinta eginda. Hirugarren postuan sailkatu da Billabaso Elkartea, 74 plaza eta bi metro eginda. Irazolak, 73 plaza eta 2 metro eginda, laugarren postua eskuratu du. Bostgarren izan da Artabilla, 70 plaza eskuratuta. Seigarren postuan sailkatu da, azkenik, Unai, 53 plaza osatuta.

Hori horrela, Etxabek jaso ditu 500 euro, manta eta garaikurra; Elorduyk, 450 euro eta garaikurra; Billabaso Elkarteak, 400 euro eta garaikurra; Irazolak, 380 euro; Artabillak, 340 euro; eta, Unaik, 300 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide