Gure Plaza Txo! aisialdi egitasmoa aurkeztuko dute azaroaren 2an

Mailo Oiarzabal 2023ko urriaren 30a

Aurtengo Pazko Astean Gure Plaza Txo!-ren barruan antolatutako ekintzetako bat. (Mailo Oiarzabal)

Herriko 12 eta 17 urte arteko nerabeei zein haien gurasoei zuzendutako bi bilera egingo dituzte Lauburuko proiekzio gelan ostegunean; gurasoena 18:30ean, eta gaztetxoena 19:00etan hasita.

Gure Plaza Txo! haur eta nerabeentzako aisialdi egitasmoa bigarren ikasturtea abiatzear da Aizarnazabalen, eta lehendabizikoak utzitakoak baloratzeko zein ikasturte berriak ekarriko dituenak aurkezteko bilerak antolatu dituzte aste honetarako.

Bi bilera deitu dituzte, biak datorren ostegunerako, azaroaren 2rako. Lehendabizikoa, gurasoei zuzendutakoa, 18:30ean hasiko da; eta bigarrena, aisialdi programaren erabiltzaileei, nerabeei, zuzendutakoa, 19:00etan. Bi batzarrak Lauburu eraikineko proiekzio gelan egingo dituzte.

Elkarlana

Gipuzkoako Foru Aldundiak mila biztanle baino gutxiago dituzten lurraldeko bederatzi udalerritan 12 eta 17 urte bitarteko haurren eta nerabeen "sustapena indartzeko" martxan jarritako proiektu pilotua da Gure Plaza Txo!.

Bederatzi udalerri horietako bat da Aizarnazabal –Albiztur, Alkiza, Altzo, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartza dira beste zortziak–, eta egitasmoa garatzen ari diren gainerako herrietan bezala, Aizarnazabalen ere aldundiak eta udalak elkarlanean eskaintzen dute nerabeentzako aisialdi programa egitasmo horren barruan.

Iazko urrian jarri zuten martxan Gure Plaza Txo! Aizarnazabalen, eta beraz, bigarren ikasturtea izango du honako hau.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide