Landa lurren mugaketa proiektua abiatu du Aizarnazabalgo Udalak, eta lanak aurrera eramaten laguntzeko Geograma enpresa kontratatu du. Hala, Aizarnazabalgo 1, 2, 3, 4 eta 5 poligonoetako landa lurren mugaketa proiektua gauzatuko dute.
Lan hauek burutzearen xedea mugak eta mugarriak GPS koordenatuekin altxatzea da, "adinekoen oroimena galdu baino lehen", udalak azaldu duenez. Hori dela eta, lanak behar bezala garatzeko hasierako bilera bat egingo dute proiektuaren nondik norakoak azaltzeko lur horien jabeekin. Bada, interesa duen herritar oro bertaratu daiteke bilkurara.
Lursailen jabeek euren etxeetan jasoko dute datorren astearteko, urriaren 24ko, bilerara bertaratzeko gutuna eta bertan bi hitzordu izango dituzte; bata, 11:00etan, eta, bestea, 18:00etan. Lauburu guneko proiekzio gelan elkartuko dira eta bi bilkurak berdinak izango dira; batera edo bestera joateko aukera izango dute jabeek.