Aizarnazabalgo samielak, azken txanpan

Maialen Etxaniz 2023ko irailaren 30a

Mus eta Eskoba txapelketak egin dituzte eskola azpian, eta adin guztietako herritarrak animatu dira jokora. Gaztetxoenek, aldiz, altxorraren bila eta patata tortilla txapelketa egin dituzte. Elektrotxorongok dantzan jarri du herria, eta gaueko kontzertuekin borobilduko dute eguna. Bihar amaituko dira festak, eta kirola izango da protagonista.

Azken txanpan sartu dira Aizarnazalgo samielak. Gaur, larunbatez, lasai antzera hasi dute eguna, eta arratsaldera arte ez da ekintzarik izan herrian, izan ere, atzo herri afaria eta erromeria egin zituzten. Gaur arratsaldean 16:00etan hasita, Mus eta Eskoba txapelketak egin dituzte eskola azpian, eta adin guztietako herritarrak animatu dira jokora. Gaztetxoenek, aldiz, altxorraren bila eta patata tortilla txapelketa egin dituzte. Aurrena, patata tortilla prestatzeko beharrezko osagaiak bilatu dituzte herrian zehar, eta behin horiek aurkituta, patata tortilla prestatu dute. Guztira, lau taldetan banatuta osatu dute proba, baina gaztetxo ugari bertaratu da txapelketa ikustera. Eguna musikaz girotuta amaituko dute, elektrotxaranga eta kontzertuen doinuetara; izan ere, Elektrotxorongok dantzan jarri ditu bazterrak, eta eguna borobiltzeko kontzertuak eskainiko dituzte Sarean, Los Zopilotes Txirriaos eta J Martinak. Bihar, kirola izango da protagonista. Goizean, Joxe Larrarte Memoriala jokatuko dute eta arratsaldean herri kirol ikuskizunak izango dira festak agurtzeko.

Hone hemen biharko egitaraua:

  • 11:00. XIII. Joxe Larrarte Memoriala. Eskuz binaka lau eta erdian:
    • Emakumeak: Arrieta-Agirre / Iturriaga-Orbegozo.
    • Gizonak: Olaizola-Olaiz / Sasiain-Alonso.
  • 18:00. Herri kirolak:
    • Aizkolariak: Xabier Zaldua-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a / Ugaitz Mugertza-Xabat Olaizola.
    • Pentatloia: Jon Zaldua-Jakes Iruretagoiena Izeta V.a.
    • Harri jasotzaileak: Lierni Osa, Ainitze Zumeta, Mikel Lopetegi Urra, Pablo Azpiazu, Unax Iruretagoiena Izeta.
    • 19:00. Mariachi Los Cazahuates-en emanaldia.
  • Jaiak bukatzeko, traka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide