Sagardo eta bolo txapelketak, samieletako egun handiena ospatzeko

Aitziber Arzallus 2023ko irailaren 29a

Bederatzi sagardogilek parte hartu dute Sagardo Txapelketaren 37. edizioan, eta Errotatxurirentzat izan da txapela. Bolo Txapelketan, berriz, 46 lagunek parte hartu dute, eta denetan onena Sarasola izan da.

Atzo arratsaldeko txupinazioarekin eman zieten samielei hasiera aizarnazabaldarrek, eta gaur San Migel eguna, jaietako egunik handiena izanik, goiz ekin diete ospakizunei. Hain zuzen ere, Alaitsu dantza eta musika eskolako kideak izan dira kalera ateratzen aurrenak, diana jotzeko. Ondoren, 11:30ean hasita, meza izan da.

Meza bukatu denerako, jende ugari zebilen kalean, eta denak plazan bildu dira, eguerdi parteko bi ekitaldi nagusiak han izatekoak baitziren: batetik, 37. Sagardo Lehiaketa; eta bestetik, Bolo Txapelketa. Eguraldi paregabea lagun, giro bikaina sortu da plazan. Pintxo bat jan, sagardo pixka bat edan eta herritarrak boloetan jokatzen ikusi, hori izan da dozenak lagunen plana.

Bederatzi sagardogilek parte hartu dute txapelketan eta epaimahaiak ebatzi du denetan onena Errotatxurik eramandako sagardoa zegoela. Bigarren saria Pako Gabarainentzat izan da eta hirugarren, Etxabe Palaziorentzat. Hala ere, inor ez da joan esku hutsi etxera. Gainontzeko parte hartzaileek ere sari bana jaso dute: Zubiaurrek, Erloitak, Sarasola berrik, Etxabe Errotak, Intxaurreik eta Uztarrik. 

Bolo Txapelketan, berriz, 46 lagunek parte hartu dute, eta sekulako ikusmina sortu du lehiak. Azkenean, Sarasola izan da txapela irabazi duena, eta Mokorroko gelditu da bigarren lekuan.

Arratsaldean eta iluntzean ere, festak ez du etenik izango Aizarnazabalen. Hona hemen gaurko egitaraua:

 

  • 17:00. Bingo musikatua, herriko plazan.
  • 18:30 Hika antzerki taldearen eskutik, Gazte antzezlana, herriko plazan.
  • 21:00. Herri afaria, herriko plazan, Andoni Olloklegirekin (eguraldi txarra balitz, eskola azpian).
  • 23:00. Dantzaldia, Fun&Go taldearen eskutik.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide