Gaizka Etxaniz azkoitiarrak irabazi du Aizarnazabalgo XVI. Artzain Txakur Txapelketa

Mailo Oiarzabal 2023ko irailaren 23a

Samielen atarian, Euskal Jai Egunean murgildu dira aizarnazabaldarrak. 251 lagun elkartu dira paella bazkarian, eta iluntzeraino luzatuko da festa, postre lehiaketarekin, elektrotxarangarekin eta dantzaldiarekin.

Atzo bertso saioarekin gozatu ondoren, Euskal Jai Eguna ospatzen ari dira gaur Aizarnazabalen, samielen atariko asteburuaren hitzordu nagusia.

Eguerditik aurrera hasi da giroa berotzen, baina goizetik lanean zein ikusmiran ibili denik izan da. Izan ere, 11:00etan hasi da XVI. Artzain Txakur Txapelketa eskola atzeko zelaian. Zortzi artzain eta beren txakurrak lehiatu dira, eta Gaizka Etxaniz azkoitiarrarentzat eta Jai txakurrarentzat izan da txapela. Xabier Gastañaga eta Sandi sailkatu dira bigarren postuan, eta Juanjo Garate eta Tina izan dira hirugarrenak. Estua izan da podiuma osatu dutenen arteko lehia: 291 puntu batu dituzte irabazleek, 289 bigarren sailkatuek, eta 288 hirugarrenek. Etxeko artzaina, Manuel Gorriti, laugarrena izan da gaur Turborekin, 269 puntu batuta.

Artzain txapelketa jokatzen zuten bitartean, lanean aritu dira beste batzuk eskola azpian, sukaldean zein mahaiak prantatzen. Han zuten eguerdi parte hitzordu nagusia, paella jana; 252 herritar elkartu dira bazkaltzera, horietatik 61 umeak.

Gaueraino ez du etenik izango festa giroak Euskal Jai Egunean. Jateko kontuekin jarraituta, 17:30etik aurrera postre lehiaketa izango dute udaletxe azpian. Eta iluntzea eta gaua girotzeko, musika eta dantza: Elektrotxufla elektrotxaranga kalejira ibiliko da 19:00etatik aurrera, eta Bide Batez taldeak girotuko du 22:00etan plazan hasiko den dantzaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide