Etxeko sukaldetik epaimahaira

Intza Trula 2023ko irailaren 20a

Saioa Alkorta iazko postre lehiaketako garaipena ospatzen. (Utzitakoa)

Ate joka dituzte festak Aizarnazabalgo herritarrek. Larunbat honetan ospatuko dute Euskal Jai Eguna, eta harekin batera itzuliko da urtero egin ohi duten postre lehiaketa.

Festak ez du etenik izango datozen bi asteburuetan Aizarnazabalen. Ostiral honetan, hain zuzen ere, bertso jaialdiarekin ekingo diote asteburuari Atari Soro pilotalekuan, 22:30ean. Bertan izango dira Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Maddalen Arzallus bertsolariak. Gai jartzailea, berriz, Igotz Alkorta izango da. Halaber, larunbatean jai giroa nagusituko da goizean goizetik herrian, Euskal Jai Egunaren aitzakian. Amaitzeko, datorren asteburuan herriko festa kutunak ospatuko dituzte: samielak. Ostegunetik hasi eta igandera bitarterako egitarau oparoa prestatu du Aizarnazabalgo Udalak herritarrentzat eta bertaratuko direnentzat.

Hori horrela, larunbatean baserritar jantziak soinean dituztela irtengo dira herritarrak kalera, eta izango dute artzain txakur txapelketaz, herri bazkariaz eta kontzertuez gozatzeko beta. Era berean, urtero legez, postre lehiaketa antolatu du Aizarnazabalgo Udalak, nork bere sukaldean egindako sorkuntzak epaimahaiaren aurrean aurkezteko.

Saioa Alkorta Aizarnazabalgo herritarrak jaso zuen iaz postrerik onenaren saria, eta hark onartu duenez, lankide batek animatu ondoren hasi zen gozogintza mundua ezagutzen: "Duela bi-hiru urte ez nekien bizkotxo bat ere egiten, eta lankide batek laneko kontuetatik deskonektatzeko balioko zidalakoan proposatu zidan ideia". Horrela hasi zen Alkorta etxeko sukaldean bizkotxoak eta pastelak egiten, "pixkanaka-pixkanaka, handik eta hemendik ideiak hartuta ikasten". Bere kabuz eta eginaren eginez joan zen ikasten, eta lankideak teknikoki hobetzeko aholkuak ematen zizkiola azaldu du.

Horrez gain, iazko irabazleak aitortu du lankidearen ideia "terapia" moduko zerbait bihurtu dela gaur egun beretzat: "Egunerokotik ihes egiteko modu bat bilakatu da niretzat; sukaldean hasten naizen unean, erabat lasaitzen naiz eta kanpoko guztiaz ahazten naiz momentu batez". 

Gainera, postre bakoitzak eskatzen dituen neurriak hain zehatzak izanik, "beste ezertan pentsatzeko denborarik ez" duela izaten aipatu du. Ordutik, gozoak egiteari ez diola utzi dio Alkortak; teknika hobetzen joan da, eta epe luzera ere horretan jarraitzeko asmoa agertu du.

Bizkotxoak, pastelak eta bestelakoak egiten dituen orok behar du horiek proba ditzan norbait; Alkortaren dastatzaileak, adibidez, lagunak eta lankideak dira. "Ingurukoak aritzen dira une oro nik egindakoak probatzen eta euren oniritzia ematen", azaldu du aizarnazabaldarrak. Lantokira zerbait eramaten duen bakoitzeko, minutu gutxiren buruan desagertzen dela ere gaineratu du: "Aitaren batean amaitzen da guztia".

Lehen aldiz aurkeztu zen Alkorta horrelako lehiaketa batera iaz, eta gainontzeko partaideen postreak ikusi ondoren, lehia irabaztea "sekulako sorpresa" izan zela aitortu du: "Harrituta geratu nintzen jendeak eramandako postre landuak ikusita, eta ez nuen espero irabaztea".

Aizarnazabaldarrak etxeko labean egindako gazta tartaren aldeko apustua egin zuen iaz; postre hori "makina bat aldiz" egina zuen, eta "trukoa hartuta" zion ordurako. Horrez aparte, ingurukoen artean "arrakasta handiena" duen postrea dela ere aitortu du, eta bere asmoa "denen gustuko zerbait" eramatea izan zela azaldu du: "Gauza asko nituen buruan momentu hartan, eta zerbait sinplea eta ona aurkeztu nahi nuen, denek gustura jango zuten zerbait, alegia". Alkortak argi du jendearen gustuko postreak "betikoak eta sinpleak" direla, hala nola gazta tarta, limoizko bizkotxoa edota jogurtarekin egindako bizkotxoa. Bere gustukoenak ere halaxe dira, eta gazta tartarik "onenetako bat" egiten duten Madrilgo gozotegi batera joateko irrikaz dagoela ere aipatu du.

Iaztik gaur arte ez da beste postre lehiaketa batera aurkeztu Alkorta, baina argi du aurtengo Euskal Jai Eguneko lehian ez duela hutsik egingo: "Larunbat honetan bertan izango naiz, zalantzarik gabe. Honen guztiaren harira ohartu naiz pila bat gustatzen zaidala gozogintzan jardutea, nahiz eta nire ogibidea ez izan". Zaletasun hutsa bada ere, etenik gabe egiten eta banatzen ditu ingurukoen eta lagunen artean bere sorkuntzak.

Aurtengoa, sekretupean

Sekretupean gordeta dauka Alkortak aurtengo postre lehiaketara zer aurkeztuko duen, eta momentua iristen den arte inori kontatzeko asmorik ez duela ere aitortu du. Beraz, larunbatera arte itxaron beharko da haren sorkuntza zer den jakiteko.

Horrenbestez, aurtengo lehiaketan parte hartzeko interesa dutenek larunbatean 17:30ean aurkeztu beharko dituzte euren postreak udaletxe azpian. Ondoren, epaimahaiak guztiak probatzeari eta puntuatzeari ekingo dio. Amaitzeko, irabazlearen izena iragarriko dute; horrek jasoko du postre onenaren saria, hain justu.

Egitaraua:

Irailak 22, ostirala

  • 22:30. Bertso jaialdia, Atari Soro pilotalekuan. Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal eta Maddalen Arzallus. Gai jartzailea: Igotz Alkorta.

Irailak 23, larunbata

  • 11:00. XVI. Artzain Txakur Txapelketa. Partaideak: Aitor Urien (Nay, Bizkaia), Gaizka Etxaniz (Jai, Gipuzkoa), Manuel Gorriti (Turbo, Gipuzkoa), Marcel Uhalde (Pki, Nafarroa Beherea), Bittor Bengoetxea (Izar, Bizkaia), Xabier Gastañaga (Sandi, Gipuzkoa), Mikel Pagazartundua (Lay, Bizkaia) eta Jean Paul Irikin (Suki, Lapurdi). Epaileak: Mikel Garate, Pello Segurola eta Igor Elordi.
  • 14:00. Paella herrikoia egingo dute eskola azpian. Bazkarira joateko interesa dutenek txartela erosteko azken eguna izango dute gaur.
  • 17:30. Postre lehiaketa, udaletxe azpian. Ondoren irabazlearen aukeraketa eta sari banaketa egingo dituzte.
  • 19:00. Elektrotxufla elektrotxaranga, herriko kaleetan zehar.
  • 22:00. Bide Batez taldearen eskutik, dantzaldia izango da herriko plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide