Aburuzak irabazi du Aizarnazabalgo Sagardo Txapelketa

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 23a

Aizarnazabalgo Sagardo Txapelketaren zortzigarren edizioa izan da aurtengoan, eta hamabi sagardogilek parte hartu dute. Sagardoaren bueltako festak jende asko bildu du.

Hamabi sagardogilek parte hartu zuten atzo Aizarnazabalgo Sagardo Txapelketaren zortzigarren edizioan. 18:00etan hasi zen txapelketa eta 20:00 bueltan banatu zituzten sariak. Aurreneko saria Aburuza sagardotegiak jaso zuen 92,5 puntu eskuratuta, bigarrena Altzueta (iazko txapelduna) gelditu zen 91 punturekin, eta hirugarren Alorreneak egin zuen, 90,5 puntu jasota. Hiru aurrenekoen artean soilik bi punturen aldea izan zen.

Txapelketan parte hartutako hamabi sagardotegiak honakoak izan ziren: Aburuza, Akarregi, Alorrenea, Altzueta, Añota, Bereziartua, Egi Luze, Eula, Gaztañaga, Izeta, Petritegi eta Urdaira. Txapelketako epaimahaia, berriz, Zigor Odriozolak, Jose Manuel Salaberriak, Ainhoa Etxabek, Eli Altzurik, Luis Aizpuruak eta Josu Loiolak osatu zuten. Epaimahaikideei sagardoa ateratzen, berriz, Luis Etxabe aritu zen.

Giro ederra lagun, eguzkiaren epelean, jende asko bildu zen atzo Aizarnazabalgo plazan. Eta basoa edota kopa erosita, nahi adina sagardo dastatzeko aukera izan zuten atzo sagardo txapelketara bertaratutakoek. Sagardozale bakoitzak 48na botila eraman zituen atzo Aizarnazabalera. Sagardoa edateaz gainera, mokadua egiteko aukera ere izan zen, pintxoen postua ere jarri baitzuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide