Larunbatean hasi zituzten Aizarnazabalgo Saiatz auzoan sankristobalak. Gaur dute jaietako hitzordu nagusia, San Kristobal eguna. Eguerdian, 12:00etan, meza izan da Saiatzeko baselizan, eta jendez bete-bete egin da. Meza ari zen bitartean, hiru suziri bota dituzte usadioak agindu bezala, eta gero, auzoan bildutako hainbat auto bedeinkatu ditu apaizak, elizkizunean bildutako auzotarrak kantuan ari ziren bitartean.
Behin meza bukatutakoan, Naiara eta Landaberri trikitilariek girotu dute Saiatzeko plaza, eta bertan txikiteoa egiteko aukera izan da.
Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Iago magoaren emanaldia izango da, eta segidan, haurrentzako jolasak eta txokolatada egingo dituzte. 20:00etan, berriz, Saiatzeko txabolan otartekoak jateko aukera izango da, eta 21:30ean, erromeria hasiko dute Saioa eta Maddalen trikitilariek. Festak bukatzeko, txokolatea jateko aukera izango da.