Aizarnazabalgo Saiatz auzoan sankristobalak ospatzen ari dira larunbataz geroztik. Atzo, igandea, herri kirolak eta erromeria izan zituzten han. Gaur, San Kristobal eguna, askotariko ekintzekin ospatuko dute jaien hitzordu nagusia.
Larunbatean, suziriarekin hasi zituzten auzoko festak, eta ondoren, auzo afaria eta erromeria egin zituzten. Goizaldean, gainera, txokolatea eta baratxuri zopa banatu zituzten festen antolatzaileek. Atzo arratsaldean jarraitu zuen festak Saiatzen, eta ohiko moduan, herri kirol jaialdia egin zuten. Xabat Olaizola, Lierni Osa, Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza aritu ziren lanean, eta Unax Iruretagoienak erakustaldia eskaini zuen. Bestalde, Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria egin zuten han bildutakoek.
Gaur, San Kristobal eguna, amaituko dira Saiatz auzoko festak, eta orduan ere izango da zertaz gozaturik auzoan. Eguerdian, meza egingo dute ermitan, eta segidan kotxeak bedeinkatzeko tartea izango da. Eguerdiko txikiteoaren ondotik, arratsaldean umeentzako ekintzak izango dira, hala nola magia ikuskizuna, jolasak eta txokolatada. Gauean, festak agurtzeko, musika eta jan-edana izango dira protagonista.
Uztailak 10, astelehena, San Kristobal eguna
12:00. Meza, auzoko ermitan.
Jarraian, kotxeen bedeinkapena.
Ondoren, txikiteoa, Naiara eta Landaberri trikitilariekin.
17:00. Iago magoaren emanaldia.
Jarraian, umeen jolasak eta txokolatada.
20:00etatik aurrera, txabolan bokadilloak egongo dira.
21:30. Saioa eta Maddalenekin erromeria.
Ondoren, festei bukaera emateko, txokolatea.
(Argazkiak: Mari Karmen Arregi)