Gogor egin dute Iruñeko hilketa matxistaren aurka Aizarnazabalen

Andoni Elduaien 2023ko uztailaren 4a

Udaletxe aurrean elkartu ziren atzo hainbat aizarnazabaldar. (Utzitakoa)

Joan den larunbatean Iruñean jazotako hilketa matxista gaitzetsi eta salatu dituzte dozenaka lagunek Aizarnazabalen. Mugimendu Feministak deituta egin zuten elkarretaratzea atzo.

Gogor gaitzetsi dute Aizarnazabalen ere larunbatean Iruñean izan zen hilketa matxista. Aizarnazabalgo Mugimendu Feministak deituta, hainbat herritar udaletxearen aurrean elkartu ziren atzo, astelehena, Euskal Herrian jazo den azken hilketa matxista gaitzesteko eta salatzeko. 

Izan ere, joan den larunbatean 51 urteko gizonezko batek bere bikotekidea hil zuen labankadaz Iruñean, eta ondoren bere burua entregatu zuen. Iruñeko Ermitagaña auzoko Anayak tabernan hil zuen gizonak 47 urteko emakumea. Bikotekide ez ezik, lankide ere baziren taberna horretan bertan. 

Urteko laugarrena

Iruñekoarekin lau dira 2023an indarkeria matxistaz Euskal Herrian hil dituzten emakumeak. Maiatzaren 16an, gizon batek bikotekide ohia hil zuen Orion, eskopeta batekin tiro eginda. Maiatzaren 28an, bestalde, gizon batek 32 urteko emakume bat hil zuen Gasteizen, apartamentu hotel bateko logela batean. Senideek aurkitu zuten hilotz, hiru urteko alaba alboan zuela; hura onik zegoen. Ikerketa abiatu zuten berehala, gorpuak indarkeria zantzuak baitzituen. Haren bikotekide ohia atxilotu zuten. Ekainaren 15ean 89 urteko emakume bat hil zuen 28 urteko ilobak, Bilbon. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak baieztatu zuen hilketa matxista izan zela. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide