Aizarnazabalgo Saiatz auzoan sankristobalak ospatuko dituzte larunbatetik astelehenera bitartean, eta hiru egunez hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izango dute auzotarrek zein hara bertaratzen direnek.
Larunbatean, suziriarekin hasiko dira auzoko festak, eta ondoren, auzo afaria eta erromeria izango dituzte bertan. Goizaldean, gainera, txokolatea eta baratxuri zopa banatuko dute festen antolatzaileek. Igande arratsaldean jarraituko dute festek, eta ohiko moduan, herri kirol jaialdia egingo dute 18:00etan. Aurtengoan, Xabat Olaizola, Lierni Osa, Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza ariko dira lanean, eta Unax Iruretagoienak erakustaldia eskainiko du. Bestalde, Izerrek eta Alabierrek erromeria eskainiko dute arratsaldean zein gauean.
Astelehenean, San Kristobal egunean, amaituko dituzte festak, eta orduan ere izango da zertaz gozaturik auzoan. Ohi bezala, meza egingo dute ermitan, eta segidan kotxeak bedeinkatzeko tartea izango da. Eguerdiko txikiteoaren ondotik, arratsaldean umeentzako ekintzak izango dira, hala nola magia ikuskizuna, jolasak eta txokolatada. Gauean, festak agurtzeko, musika eta jan-edana izango dira protagonista.
Uztailak 8, larunbata
19:00. Txupinazoa eta kanpai hotsekin jaien hasiera.
20:30. Auzo afaria, Eusko Parrillarekin.
23:00. Lajarekin eta Narbaizarekin erromeria.
Goizaldera, txokolatea eta baratxuri zopa.
Uztailak 9, igandea
18:00. Herri kirol jaialdia. Xabat Olaizola, Lierni Osa, Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza ariko dira lanean, eta Unax Iruretagoienak erakustaldia eskainiko du.
Jarraian, Izerrekin eta Alabierrekin erromeria.
21:00. Txabolan bokadilloak egongo dira.
22:00. Izerrekin eta Alabierrekin erromeria.
Uztailak 10, astelehena, San Kristobal eguna
12:00. Meza, auzoko ermitan.
Jarraian, kotxeen bedeinkapena.
Ondoren, txikiteoa, Naiara eta Landaberri trikitilariekin.
17:00. Iago magoaren emanaldia.
Jarraian, umeen jolasak eta txokolatada.
20:00etatik aurrera, txabolan bokadilloak egongo dira.
21:30. Saioa eta Maddalenekin erromeria.
Ondoren, festei bukaera emateko, txokolatea.