Ikaztegietako Kutturru txapeldun, Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketan

Andoni Elduaien 2023ko ekainaren 17a

Aizarnazabalek 7-6 irabazi zuen atzo Kutturru taldearen aurka. Joanekoan, Ikaztegietako taldeak bi goleko errenta lortu zuen, eta beraz, kanporaketa irabaztea lortu dute, hala helduen mailako Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko txapela irabaziz. 

Ikaztegietako (Gipuzkoa) Kutturru taldeak jantzi du Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko txapela. Kutturru taldeak joanekoan lortutako bi goleko errentari –5-3 irabazi zuen aurreko astean– etekina atera zion, nahiz eta atzo Aizarnazabalek 7-6 irabazi. Gol batez irabazi zuten etxekoek, baina aldea ez zen nahikoa izan txapelketa irabazteko. Bi partidetako emaitzak kontuan hartuta, Kutturruk 11-10 Aizarnazabalek.

Lehen ordu laurdenean, Aizarnazabal jaun eta jabe izan zen kantxan; 15. miniturako 5-1 ari ziren irabazten etxekoak. Ordurako finala iraulita zuten, eta bazirudien txapela etxean geratuko zela, baina atsedenaldira iritsi aurretik kanpokoek buelta eman zioten egoerari, eta bi gol sartu zituzten, finala berdinduz; atsedenera 5-3 ailegatu ziren.

Etxekoak indartsu atera ziren bigarren zatiaren hasieran, seigarren gola lortuz (6-3), baina bisitariek beste gol batekin erantzun zioten hari (6-4), eta ondoren etxekoek lortu zuten zazpigarrena (7-4). Gol horrek berriz ere txapela aizarnazabaldarrei ematen zien, baina ikaztegietarrek kanporaketa berdintzea lortu zuten handik gutxira (7-5).

Luzapena geroz eta gertuago ikusten zenean, bisitarien jaurtiketa batean baloiak etxekoen jokalari baten soinean jo zuen, hala baloia barrura sartuz (7-6) eta txapela Ikaztegietara bidean jarriz. Ez zen gehiagorako betarik izan Atari Soron. Helduen mailako lehen Herri Txikietako Areto Futboleko Txapelketa Ikaztegietako Kutturruk bereganatu du. 

Partida aurretik, festa

Leporaino bete zen Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekua finala bertatik bertara ikusteko. Partida hasi aurretik, DJek eta bertsolariek alaitu zuten finala. Neurketa hasi aurretik, berriz, Sagardoaren Txapelketa irabazi berri duen Beñat Segurola erremontista aizarnazabaldarra omendu zuten, ohorezko sakea eginez.

(Argazkiak: Jon Leunda)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide