Beñat Segurola erremontista aizarnazabaldarrak irabazi ditu Sagardoaren Txapelketaren 13. edizioa eta Erremontari saioko txapelketa, Aritz Juanenea saldiastarrarekin (Nafarroa) bikotea osatuta. Atzo jokatu zuten finala Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa), Javier Urrizaren eta Ibai Martirenaren kontra. Segurolak eta Juaneneak hiru setetan hartu zituzten mendean aurkariak: 11-15, 15-10 eta 2-5.
Segurolak eta Juaneneak ligaxka bigarren postuan bukatu zuten, bost partidetatik hiru irabazita eta 11 puntu batuta. Finalerdietan, ordea, Ezkurra eta Zubiri kanporatu zituzten, hiru setetan. Urrizak eta Martirenak hasiera nahiko kaskarra izan arren, ligaxka lehen postuan bukatu zuten, bost partidetatik hirutan irabazita, eta 12 puntu batuta.
Atzo jokatutako Sagardoaren Txapelketaren finalak ikusmina sortu zuen, eta jende dezente bildu zen Galarretako harmailetan.
Ondo merezita irabazi zuten Segurola-Juanenea bikoteak txapela. Aurkariek aukeran pilota motel samarrak aukeratu zituztela azaldu du Segurolak, eta ez zirela aritu horren eroso; Martirenari kostatu egin zitzaion pilotetara egokitzea, Urriza bera ere nekatu egin zen. Urdinak, ordea, bikain aritu ziren, eta bikote sendoa osatzen dutela erakutsi zuten.
Lehen setean, gorriak izan ziren lehen tantoetan aurretik, Urrizaren joko erasokorrari esker, eta Martirenak ondo babestu zuen atzealdea. Hala, 5 eta 1 aurreratu ziren gorriak. Aizarnazabaldarrari kostatu egin zitzaion finaleko partidan sartzea, eta asko antzeman zuten hori hasieran. Egoera horri itzulia ematea lortu zuten, ordea, 6-5 eta 7-6 eginez eta neurketa berdintzera joz. Atzera berriro, gorriak 11-7 jarri ziren aurretik. Urdinek gogor heldu zioten, eta markagailua irauli zuten, 11 eta 15 eginez. Juanenea izan zen seteko erremontista onena.
Bigarren jokoa ondo bideratuta hasi zuten gorriek, seta irabaztea ezinbestekoa zutelako finala berdintzeko. 9 eta 3 aurreratu ziren lan erdietan. Jokoak kolore gorria hartu zuen, eta era horretan amaitu zuten: 15-10.
Hirugarrenean erabakia
Sagardoaren Txapelketako txapela hirugarren jokoan erabaki zuten, bost tantora. Urdinak gogor hasi ziren jokoan, eta Segurolaren hiru tantoei esker, 1-3 aurreratu ziren. Finaleko azken jokoaren lan erdiak eginda, aukera hori baliatu eta 2-5 nagusitu ziren.