Urteko kirol hitzordurik garrantzitsuenetakoaren txanda izango da bihar arratsaldean Aizarnazabalen. 18:00etan hasita, txirrindularitzako Gipuzkoako Erlojupeko Txapelketak jokatuko dituzte herrian, Joxe Larrarteren eta Gervaisen omenezkoak tartean, aspaldiko urteetako hitzordua berrituz. Aizarnazabalen hasi eta Aizarnazabalen izango dute helmuga lasterketek.
Bost mailatako txapelak banatuko dituzte aurten ere Aizarnazabalgo lasterketetan. Junior mailakoena, Joxe Larrarteren omenezkoa, izango da biharko lehen lasterketa. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren arabera, hamabost kirolarik eman dute izena proba horretarako. Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal 14,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute juniorrek.
Ibilbide berean jokatuko dituzte egokitutako txirrindularitzako eta emakumeen txapelketak ere. Egokitutako txirrindularitzako proba iaz jokatu zuten lehen aldiz; aurten, bigarren aldirako, sei kirolarik eman dute izena, eta 18:45ean abiatuko da Aizarnazabaldik lehen parte hartzailea. Emakumei dagokienez, 23 txirrindulari daude izena emanda, hiru kategoriatan banatuta: hamar lehiatuko dira junior mailan, sei 23 urtez azpikoenean, eta zazpi Elite mailan. 19:00etan hasiko dira emankumeen txapelketak.
Biharko azken lasterketa, Gervaisen oroimenezkoa, gizonen 23 urtez azpikoena eta Elite mailakoena izango da. Hamasei kirolarik eman dute izena, 23 urtez azpikoak gehienak (hamabi). Aizarnazabal-Iraeta-Aizarnazabal-Muniosoro-Bedua-Zumaia (saihesbideko biribilgunea)-Muniosoro-Aizarnazabal 21 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute horiek, eta 20:00etan hasiko da lehia.