Festa ere izango da Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko finalaren aitzakian

Unax Larrañaga 2023ko ekainaren 12a

Ikaztegietan jokatu zen joaneko partidako argazkia. (Jon Leunda)

Ostiralean, finalaren itzulerako partida jokatuko dute Aizarnazabalek eta Ikaztegietako Kutturru taldeak, Atari Soro pilotalekuan. Joaneko partida 5-3 irabazi zuen Kutturruk; beraz, Aizarnazabalgo taldearen lana izango da horri buelta ematen saiatzea. Emakumeen pala txapelketako finalerdiak eta DJ emanaldia izango dira partidaren bueltan.

Ostiralean, ekainaren 16an, 20:30ean, jokatuko dute Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futboleko final erabakigarria Aizarnazabalek eta Ikaztegietako Kutturru taldeak, Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekuan.

Joaneko partida jokatuta, itzulerakoa izango da ostiralekoa. Joaneko partidan Kutturruk hartu zuen abantaila, etxean jokatutako norgehiagoka 5-3 amaituta. Bi taldeek maila berdintsua erakutsi zuten neurketan, beraz, edozein taldek eskuratu dezake garaipena ostiralean. Partida berdinketan amaitzen bada, bost minutuko luzapena izango du, eta denbora hori igarota ere berdinketa mantentzen bada, penaltien bitartez erabakiko litzateke neurketa.

Kirolaren aitzakian, festa giroa nagusituko da Aizarnazabalen arratsaldean hasita. 16:30ean emakumeen pala txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte pilotaleku zaharrean. Ondoren, Atari Soro frontoian, Olber DJa izango da arratsaldea musikaz girotzen, eta jan-edanerako tarterik ere ez da faltako, bertan taberna jarriko baitute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide