Hamargarren aldiz egin dute gaur Aizarnazabalen Jan Sano eta Bizi Pozik azoka. Eguraldi ederra lagun, giro bikaina izan dute azokaren bueltan bildutako herritarrek.
Aurtengoan ere, lehen sektoreko bertako ekoizleen produktuak eta artisautzakoak izan dira azokaren oinarria, eta askotariko produktuen postu ugari jarri dituzte herriko plazaren bueltan. Barazkiak, eztia, txakolina, garagardoa, gozoak, arropa, eskulanak, bitxiak, oinetakoak... erosteko aukera izan da. Horrez gainera, baserriko tresneriaren postu bat eta animalia bitxiak ikusteko aukera egon dira. Festa giroa osatzeko, jan-edanerako aukera ere izan dute bisitariek: burduntzian erretako bildotsa eta bestelako pintxoak jateko eta sagardoa txotxetik edateko aukera izan baita.
Azokaren barruan, idi dema erakustaldia ere izan da plazako probalekuan, Arroako Etxetxoren eta Aizarnazabalgo Etxabe-Palazioren idiekin.