Erremonteko Berria Txapelketaren finala jokatuko du Urtzi Gurrutxagak

Mailo Oiarzabal 2023ko apirilaren 2a

Urtzi Gurrutxaga, Aizarnazabalgo frontoian. (Maialen Etxaniz)

Aizarnazabalgo aurrelariak eta Zaldua I.ak 35-28 irabazi zieten finalaurrekoan Irazuri eta Martirenari atzo Galarretan.

Urtzi Gurrutxaga erremontista aizarnazabaldarrak Berria Txapelketaren finalerako txartela lortu zuen atzo Hernaniko (Gipuzkoa) Galarretan. Zaldua I.arekin bikotea osatuta ari da lehiatzen Aizarnazabalgo aurrelari gaztea Berria Txapelketan, eta partidarik galdu gabe iritsi dira finalera.

Atzo jokatu zituzten txapelketaren bi finalaurrekoak, eta Gurrutxagak eta Zaldua I.ak 35-28 irabazi zieten Irazuri eta Martiarenari. Irabazleak hasieratik ibili ziren aurretik, baina tarte txikiarekin, harik eta 22-21etik 30-21erako jauzia eman zuten arte. Gurrutxaga bikain aritu zen, eta 16 tanto egin zituen.

Profesionaletan debutatu eta hilabete pasatxora lehen finala jokatuko du, beraz, Gurrutxagak. Izan ere, datorren asteburuan izango da Berria Txapelketaren finala Galarretan. Goikoetxea V.a eta Aiestaran izango dituzte aurkari Gurrutxagak eta Zaldua I.ak; atzoko beste finalaurrekoan, 35-30 menderatu zituzten Goikoetxeak eta Aiestaranek Zaldua II.a eta Odei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide