2021eko urtarrilaren 4an Aizarnazabalen indarkeria zantzuekin hilik agertu zen Aintzane Pujanaren ustezko hiltzaileei kartzelaldi iraunkor berraztergarria ezartzea eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak. Gipuzkoan halako espetxe zigorra eskatzen den aurreneko aldia da, eta ikusteko dago epaileak zer ebazten duen. Izan ere, oraindik ez dute epaiketarako data zehaztu.
Pujanaren gorpua Urola ibaiaren ondoan aurkitu eta egun gutxira Ertzaintzak bi lagun –gizon bat eta emakume bat– atxilotu zituen Aizarnazabalen bertan, eta hilketagatik behin-behinean espetxeratu zituzten biak. Orduz geroztik, kartzelan dira.
Fiskaltzak hiru delitu leporatu dizkie haiei, EFE berri agentziak jakinarazi duenez: hilketa larrigarria, legez kanpoko atxilotzea eta beldurrarazita pertsona prostituziora bideratzea. Fiskaltzaren txostenaren arabera, Pujana prostituzioan aritzen zen eta ustez explotatu egiten zuen proxeneta rola zuen gizonezko akusatuak.
Hilketagatik eskatu du, hain zuzen ere, Fiskaltzak kartzelaldi iraunkor berrikusgarria ustezko bi hitzaileentzat, eta beste bi delituengatik zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du, baita 5.400 euroko isun bana ere.