Hainbat urtez esku pilotan aritu ostean, erremontera egin du jauzi Urtzi Gurrutxaga aizarnazabaldarrak, eta atzo, larunbata, profesionaletan debutatu zuen erremontistak. Hain zuzen, Berria Erremonte Txapelketaren aurreneko jardunaldiko partida jokatu zuen hark, Zaldua lagun zuela, eta aizarnazabaldarrak ezin hobeto ekin zion ibilbide profesionalari, bikoteak 31-35 irabazi baitzien Goikoetxea V.ari eta Aiestaran VI.ari.
Urdinak hiru, lau eta bost tantoko errentarekin aritu ziren partidaren aurreneko minutuetan, eta Goikoetxeak eta Aiestaranek desabantaila murriztea lortu zuten. Dena den, ez zuten aurretik jartzerik lortu. Partidaren azken txanpan, hiru tantora eraman zuten abantaila urdinek, 27-30, eta gorrientzat ezinezkoa izan zen emaitza iraultzea. Oriamendiren arabera, Gurrutxagak eta Zalduak "bikote hobea" osatu zuten. Zalduak "bikain" lagundu zion Gurrutxagari, hark huts gutxi egin eta hamabi tanto egin baitzituen debutariak. Aizarnazabalgoak ere "ederki" jokatu zuela azpimarratu du Oriamendik. Lau puntu lortu ditu bikoteak.