Bihar egingo duzu profesionaletan debuta Galarretan (Hernani, Gipuzkoa). Nola sentitzen zara egun handiaren atarian?
Egia esan, oso pozik nago. Hori zen nire helburua. Amets bat zen hor gora iristea. Lortu dut, eta horrelako saria lortzeak poz handia ematen du.
Gazteen artean ez da ohikoena erremontean aritzea. Noiz eta nolatan hasi zinen kirol horretan?
Duela urte eta erdi inguru hasi nintzen erremontearen munduan. Orain arte, bizitza osoan, esku pilotan aritu izan naiz. Azken bi urteetan, ordea, mina nuen eskuetan, eta larri ibiltzen nintzen jokatzeko. Ezin izaten nuen entrenatu, eta partidak ere askotan bertan behera utzi behar izaten nituen, minaren minez. Iban Larrañaga azkoitiarra, erremonte munduan ezaguna dena, lankidea dut, eta hark bultzatu ninduen erremontea probatzera. Azaldu zidan bera ere esku pilotan aritzen zela lehen, eta erremontea probatu zuenean gustatu egin zitzaiola. Konbentzitu egin ninduen, eta haren bitartez joan nintzen Galarretara. Nolabait, Larrañagari esker iritsi naiz honaino.
Nor izan duzu bidelagun? Nork lagundu dizu formakuntzan?
Galarretara joandakoan, aurrena proba batzuk egin behar izan nituen. Behin probak igarota, entrenatzailea izan dut han: Kike Elizalde. Haren eskutik jaso ditugu astean bizpahiru entrenamendu. Aizarnazabalen ere asko entrenatu dut neure kabuz. Herrian lau erremontista izan ditugu, eta oraindik jarraitzen duenik ere badago; hor dugu Beñat Segurola. Joseba Etxeberria Etxabe II.ak babes handia eman dit bide honetan, eta asko eskertzen diot emandako laguntza. Etxean ere lagundu didate; anaia, gurasoak… beti egon dira babesa eskaintzen. Beraz, gustura nago.
Zer izan da orain arteko zailena?
Hasiera izaten da zailena. Pilota mundutik natorren arren, dena da desberdina erremontean: botea, zesta, sakeak, beti eskubiko eskuarekin jokatzea… Hasieran kostatu egin zitzaidan, baina martxa hartutakoan gustura aritu naiz, eta ondo moldatu naizela uste dut.
Zure inguruan ba al da erremonterako afiziorik?
Bai. Aizarnazabal erremontearen herria izan da; herriko bosgarren erremontista izango naiz ni. Nire aurrekoak dira Zulaika, Zubizarreta, Etxabe II.a eta Beñat Segurola azken txapelduna. Dezenteko afizioa dago erremonterako Aizarnazabalen.
Berria txapelketan egingo duzu debuta. Erremontista gazteenei aukera ematen die sariketak. Lau debutari ariko zarete: Aritz Eskudero, Aitor Aiestaran, Jon Irazu eta zu zeu. Zer da zuretzat Berria txapelketan debuta egitea?
Debuta egitea pozgarria bada, are pozgarriagoa da horrelako txapelketa polit batean egitea. Bertan parte hartzeak motibazio bikoitza ematen du. Hala ere, izen handiko erremontistek parte hartuko dute txapelketan, eta horrek errespetua eta beldur pixka bat ematen du. Hala ere, joko polita eginez gero, gure lana erakusteko eta zeresana emateko aukera ederra da txapelketa. Ilusioa egiten du horrelako sariketa batean aritzeak, eta saiatuko gara txapelketaren mailan aritzen partida guztietan.
Zaldua I.a izango duzu bikotekide. Nolako bikotea osatzen duzue?
Zaldua beste maila bateko erremontista da. Zazpi-zortzi urte daramatza profesionaletan, maila handiko partidak jokatu izan ditu eta Berria txapelketan txapeldun izandakoa da. Ni, aldiz, hasiberria naiz, gaztea, ikasteko asko duena. Horrenbestez, bere lanetik ahal dudan guztia ikasiko dut, eta saiatuko naiz ahal beste ematen eta gozatzen.
Debuteko partidan Goikoetxea V.a eta Aiestaran VI.a izango dituzue parez pare. Nola ikusten dituzu aurkariak?
Aurkari guztiak maila handiko pilotariak dira. Gazteak eta esperientziadunak elkartuta daude, eta bikoteak orekatuak dira. Aurkari denak ikusten ditut maila handikoak, baina saiatuko gara dena ematen.
Aurrera begira, zer asmo dituzu?
Erremontearekin ahalik eta gehien disfrutatzea eta ikastea da nahi dudana –badugulako zer ikasia oraindik–, baita kantxan lasai egotea ere.
Zesta-puntak izugarrizko oihartzuna hartu du azken boladan. Gustatuko al litzaizuke erremonteak horrelako babesa izatea?
Dudarik gabe. Zesta-puntak indar handia hartu du. Erremontea ari da goraka, baina horrelako oihartzuna izatea oso polita izango litzateke, eta kirolari bizirik irauten lagunduko lioke.
Bide horretan, garrantzitsuak izango zarete belaunaldi berriak.
Bai, horrela da. Gazteak badatoz atzetik, eta hori positiboa da. Guk ere, zortea izanez gero, urte batzuk kantxan emango ditugula espero dut. Badago harrobia.