Gipuzkoako Foru Aldundiak mila biztanletik beherako hamar udalerritan haur eta nerabeei zuzendutako Gure Plaza Txo! proiektu esperimentala jarri du abian; tartean, Aizarnazabalen.
Proiektuaren helburua haurrei eta nerabeei aisia eta entretenimendua lantzeko beharrezko baliabideak eskaintzea da. Programa Foru Aldundiaren Haur eta Gazteen Sustapen Zerbitzuak eskainiko du herrietako udalekin lankidetzan. Horretarako, udalek beren herrietan espazioak, materiala nahiz bestelako azpiegiturak jarri dituzte, eta jardueretarako ekarpen ekonomikoa ere egin dute.
Proiektu esperimentalari lotuta, Aizarnazabalen gazte hezitzaile bat ari da lanean. "Bost udalerritarako gazte hezitzaile bat dugu, eta haren egitekoa herriko gazteekin lan egitea eta haiei zuzendutako aisialdia sustatzea da", azaldu du Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak.
Baliabideak elkarbanatuz
Udalerri txikiek ezin dute beren kabuz gazte hezitzaile zerbitzua abian jarri; hala nabarmendu du Arregik: "Udalerri txikiok ez dugu baliabiderik era horretako zerbitzuak sortzeko. Proiektu pilotu honen bidez, ordea, Aldundiaren laguntzarekin eta zerbitzua beste udalerri txikiekin elkarbanatuz, abian jarri ahal izan da. Printzipioz, epe baterako proiektua da; gero ikusiko dugu zein diren emaitzak, eta aurrerago, beste udalerri batzuekin elkarlanean, zerbitzuarekin jarraitzea merezi duen". Aldundiak zehaztu du bi urteko iraupena duela programak.
Lurraldeko udalerri guztietan zerbitzuak eskaintzea du xede Foru Aldundiak; hala esan du Maria Jose Telleria Kultura eta Gazteria diputatuak. "Haur eta nerabeen arteko jarduerak sustatzeko eta beren arteko harremanak sendotzeko baliabideak lurraldeko udalerri guztiek izan ditzaten nahi dugu. Herri txiki horietako neska-mutilak beren udalerrietan errotzea nahi dugu, komunitateko partaide izatearen sentimendua sustatuz eta hurbileko zerbitzuak eskainiz, beste herri batzuetara aisialdiaz gozatzera joan beharrik izan ez dezaten".
Lanean hasita
Aizarnazabalen zerbitzua dagoeneko martxan dute, alkateak azaldu duenez: "Gazte hezitzailea lanean hasita dago. Aurrena, gurasoei eta gazteei aurkeztu zitzaien zerbitzua, eta harrera ona izan zuen asmoak. Gazteen beharrak behatzeko lanari ekin zion hezitzaileak gero, haien ahalduntzea eta aisialdia nola bideratu antolatzeko. Dagoeneko gazteekin Whatsapp taldea osatu du hezitzaileak, eta beren artean adosten dute noiz etorriko den Aizarnazabalera".
Proiektua gauzatzeko, PSZ (Parte hartzea Sustatzeko Zerbitzua) lan eredua erabiliko dute, Aldundiak zehaztu duenez. "Orain arte eredu hori erabili den herrietan funtzionatu du, baina errealitate berrietara egokitu beharko da". Landuko dituzten ildoak honako hauek direla zehaztu dute: bizikidetza eta berdintasuna; aniztasuna eta inklusioa; euskararen erabilera; konpromisoa eta jarrera kritikoa; eta tokiko aldaketa prozesuetan inplikatzeko gaitasuna.