Aizarnazabalgo tokiko energia komunitateaz bilera informatiboa antolatu dute otsailaren 21erako

Nerea Uranga 2023ko otsailaren 9a

Aizarnazabalgo plaza.

Tokiko energia komunitatea sortu dute Aizarnazabalen, eta horretan bazkide izateko aukeraren inguruko informazioa emango dute bileran.

Edinorren TEK eredua duen tokiko energia komunitatea eratu dute Aizarnazabalen. Eredu horrek energia berriztagarrien autokontsumo partekatua du oinarrian. Energia hori sortzeko instalazio fotovoltaikoak udalak utzitako eraikinetan jarriko dituzte; esaterako, eskolan edota pilotalekuan. Tokiko energia komunitateko bazkide izateko aukera energia sortzeko instalazio horietatik mila metrora daudenek izango dute, zero kilometroko energia eta %100 berriztagarria dena kontsumituz, eta elektrizitate fakturan %25eko murrizketa izanik.

Guzti horren gaineko informazioa eta argibideak emateko, otsailaren 21erako (asteartea) bilera informatiboa antolatu du Aizarnazabalgo Udalak. Batzarra Lauburu eraikineko proiekzio gelan izango da, 18:00etan hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide