Aizarnazabalen hazitako txerria erakutsiko dute datorren asteazkenean, Santo Tomas egunean, Donostian. Ikusmin handia eragin ohi du hango Konstituzio plazan azokaren bueltan egon ohi den txerriak, eta aurten, aurreneko aldiz, Aizarnazabalgo Larraxko baserrikoa izango da Donostiako jaietako protagonista: Roxaito txerria.
2019ra artean, Kristina Saralegik hazitako txerriak izan ohi ziren Donostiako Konstituzio plazan egon ohi zirenak, baina haren heriotzaren ostean, Basatxerri kooperatibak jaso zuen horretarako proposamena. Kooperatibako ekoizpen arduraduna eta Larraxko baserrikoa da Manuel Eizagirre, eta hark hazi du datorren asteazkenean Donostian izango den animalia: "Emea izan zedila eskatu ziguten, eta baserriko txerri handiena eta politena aukeratu nuen", esan dio Eizagirrek Urola Kostako Hitzari. Hark jakinarazi duenez, 200 bat kilo ditu Roxaitok. Eizmendiren arabera, jendeak kooperatiba zer den jakiteko "erakusleiho" izango da Santo Tomas eguneko zita.