Datorren urtean 1.800.000 euroko aurrekontua izango du Aizarnazabalgo Udalak

Anartz Izagirre 2022ko azaroaren 25a

Aizarnazabalgo udaletxearen irudi bat.

Aurten baino 400.000 euro gehiago izango ditu Aizarnazabalgo Udalak 2023ko udal aurrekontuetan. Erakundearen esanetan, "pertsonen ongizatea, gizarte politikak eta enplegua" izango dira aurrekontuen oinarria, eta obra publikoei ere "bultzada" emango diete.

Aizarnazabalgo Udalak 1.800.000 euroko udal aurrekontua izango du 2023. urtean, aurten baino 400.000 euro gehiago, hain justu. Joan zen urriaren 26an egin zuten osoko bilkuran onartu zituzten aurrekontuak, eta udalak horien gaineko xehetasunak eman ditu. "Udalerria egonkortu" nahi du erakundeak datorren urteko diru-partidaren bidez, eta besteak beste, "pertsonen ongizatea, gizarte politikak eta enplegua" izango dira udalaren oinarriak. Horrez gain, obra publikoetan "apustua" egin nahi izan dute, "udalerria eta auzoak hirigintza ikuspegitik modernizatzen jarraitzeko".

Diru-sarrerei dagokienez, 700.000 euroko Foru Funtsa jasoko du udalak, eta horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik sarrera gehiago jasotzea aurreikusten dute. Udal tasak, zergak eta prezio publikoak, berriz, izoztea erabaki du udalak; beraz, datorren urtean ez da aldaketarik izango.

Ongizatea "erdigunean"

Udalak nabarmendu duenez, 2023ko udal aurrekontuek udal zerbitzu guztien finantzaketa bermatzen dute, eta era berean, egun indarrean dauden kontratuei "estaldura ekonomikoa" emango dietela azpimarratu dute. "Pertsonen ongizatea" izango da udal aurrekontuen "erdigunea", erakundeak dioenez.

Bestalde, obra publikoei "bultzada" emango dietela azaldu du udalak, eta horretara milioi bat euroko partida bideratuko dute. Hain zuzen ere, honako lanak egingo dituzte zenbateko horrekin: landa-bideak konponduko dituzte, eta euri-urak nahiz ur beltzak bereizteko sarean Mikel kalean eta Zubialde auzoan inbertsioak egingo dituzte, Kutsadura Murrizteko Planean aurreikusita bezala. Horrez gain, kultur eta jai arloko programaziorako beharrezkoak diren partidak aurreikusi dituzte, eta Jan Sano eta Bizi Pozik azokara ere diru-partida bat bideratuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide