Aizarnazabalgo Kirol Batzordeak antolatuta, bizikleta martxa egingo dute datorren larunbatean, hilaren 12an, inguruko herrietatik. Antolatzaileek, hasiera batean, 14 urtetik beherakoentzat jarri dute hitzordua, baina adierazi dute parte hartu nahi duen oro izango dela ongi etorria.
09:30ean elkartuko dira Aizarnazabalgo udaletxe aurrean, eta Iraetarako bidea hartuko dute. Zestoara joango dira gero, eta handik Lasaora. Ondoren, Azpeitira abiatuko dira, Izarraizko Atean dagoen skate parkera iritsi arte. Ondoren, Aizarnazabalera itzuliko dira, eta txirrindulariek han amaituko dute martxa.
Egitasmoan parte hartzeko, hainbat baldintza jarri dituzte antolatzaileek: txirrindulariek heldu baten ardurapean joan beharko dute, eta ura eta hamaiketakoa eraman beharko dute. Era berean, bizikletak egoera onean egon behar du, eta kaskoa eramatea beharrezkoa da.