Etxabek irabazi du Aizarnazabalgo I. Asto Proba Sariketa

Ihintza Elustondo 2022ko azaroaren 6a

Aizarnazabalgo I. Asto Proba Sariketa jokatu dute asteburuan. Herrian gelditu da txapela; izan ere, Etxabe izan da nagusi, 88 plaza osatuta.

Aipe Aizarnazabalgo idi proben elkarteak antolatuta, Aizarnazabalgo I. Asto Proba Sariketa jokatu dute asteburuan herriko probalekuan. Bi saio izan dira: bat atzo –larunbata– eta gaur –igandea– bestea. Guztira, sei probalari lehiatu dira: larunbatean, Argindei errezildarraren, Artabila oikiarraren eta Txibilter azkoitiarraren astoak aritu ziren, eta gaur, Txokolate errezildarraren, Beltxa itziartarraren eta Etxabe aizarnazabaldarraren txanda izan da. 300 kilotik gorako astoek kilo bakoitzeko kilo bateko gainzama eraman dute proban.

Bi saioetako lanak kontuan hartuta, herrian gelditu da txapela; izan ere, Etxabe izan da nagusi, 88 plaza osatuta. Erlete sailkatu da bigarren, 87 plaza, zinta bat eta 0,88 metro eginda. Argindeik hirugarren postua eskuratu du, 83 plazarekin. Txibilter sailkatu da laugarren, 81 plaza, bi zinta eta 1,88 metrorekin. Txokolatek 69 plaza, sei zinta eta 0,22 metro egin ditu, eta bosgarren postua eskuratu du. Artabila, azkenik, seigarren sailkatu da, 59 plaza, hiru zinta eta 2,2 metro eginda.

Sariei dagokienez, irabazleak 500 euro, manta eta garaikurra jaso ditu; bigarren sailkatuak, 450 euro eta garaikurra; hirugarrenak, berriz, 400 euro eta garaikurra; eta ondorengo postuetan sailkatu direnek 380, 340 eta 300 euro, hurrenez hurren.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide