Festa giroan agurtu dute Oinatz Bengoetxea Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal eta Urtzi Oteiza 2022ko urriaren 1a

Atarisoro pilotalekua zaletuz bete zen atzo arratsaldean, Leitzakoaren agurreko omenaldi jaialdia bertatik bertara bizitzeko. 22-12 galdu zuten Bengoetxea VI.ak eta Mikel Goñik Larrañagaren eta Erasunen kontra, baina emaitza gorabehera, aginte makilarekin joan zen Bengoetxea etxera.

(Argazkiak: Urtzi Oteiza)

Astebeteren buruan bi agur eta omenaldi jendetsu jaso ditu eskualdean Oinatz Bengoetxeak. Pilota profesionala utzi ondoren herriz herri egiten ari den agurreko biraren barruan, Azkoitiko Kontzejupean izan zen atzo zortzi Bengoetxea VI.a; eta atzo, Samiel festen hirugarren egunean, Atari Soro pilotalekua gainezka zela, Aizarnazabalen.

Herriko festak ospatzen ari dira Aizarnazabalen, eta festa giroko agurra prestatu zioten Bengoetxeari aizarnazabaldarrek. Bi pilota partidaren bueltan egindako festa izan zen, Azteca taldeko mariatxiekin, Angel Peñagarikanoren bertsoekin eta Joxe Ramon txiste kontalariaren ateraldiekin. Bigarren partida jokatu zuen eguneko protagonista nagusiak, Mikel Goñi pilotari ohiarekin bikotea osatuz, Larrañagaren eta Azkoitian bikotekide izan zuen Erasunen kontra. Eta Kontzejupean bezala, atzo ere galdu egin zuen Bengoetxeak (22-12), baina inor gutxi zegoen emaitzarekin kezkatuta.

Partida amaitu ondoren, omenaldi ekitaldia egin zuten. Hainbat opari jaso zituen Leitzakoak, Mari Karmen Arregi alkatearen eskutik hartu zuen euskal makila tartean, eta ikusleen txaloak eta berotasuna ere ez zitzaizkion falta izan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide