Umeen Eguna ospatzen ari dira Aizarnazabalen

Mailo Oiarzabal 2022ko irailaren 30a

Samielen hirugarren jardunaldian, Umeen Eguna dute gaur Aizarnazabalen. Goiz osoan zehar, eta arratsaldean 15:30etik 17:30era, herriko haurrek puzgarriak dituzte eskura pilotalekuan, euritik babestuta. Eta puzgarrietan ibili ondoren, txokolate jana izango dute meriendatzeko, 17:30ean.

Gaurko egitarauaren barruan badira, ordea, helduagoei zuzendutako ekitaldiak ere; arratsean eta gauean iritsiko dira horiek. Oinatz Bengoetxea pilotaria herriz herri egiten ari den agurreko birak Aizarnazabalera iritsiko da gaur. 19:00etatik aurrera, bi pilota partida jokatuko dituzte: Galartza eta Txapei II.ak lau eta erdian neurtuko dituzte indarrak, eta ondoren, Bengoetxea bera eta Mikel Goñi  Larrañagaren eta Erasunen kontra ariko dira binakako lehian. Baina pilota partiden bueltan osagai gehiago izango ditu agurreko-omenaldiko ekitaldiak, Azteca mariatxien, Angel Mari Peñagarikano bertsolariaren eta Joxe Ramon txiste kontalariaren eskutik.

Gaurkoa borobiltzeko, aurtengo festetako herri afaria egingo dute gaur Aizarnazabalen, 21:00etan.

Bihar eta etzi, berriz, honako hitzorduak izango dituzte samielek:

Bihar, larunbata

12:00. XII. Joxe Larrarte pilota memoriala.
Eskuz banaka lau eta erdian: Amaia Aldai eta Miren Larrarte.
Eskuz binaka: Mendizabal III – Albeniz eta Larrañaga – Balerdi.

16:00. XVI. Mus eta eskoba txapelketak.

18:00. Herri kirolak. Kirol konbinatuen erakustaldia: harri jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eramatea, korrika eta agurra.
Kirolariak: Amalur Arbelaitz, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Lucia Orbe, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta.
Unax Iruretagoiena Izeta harri jasotze erakustaldia egiten izango da hasieran eta amaieran.

19:00. Skapaie elektrotxaranga.

Etzi, igandea

18:30. Bertso jaialdia plazan.
Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Xabat Illaregi, Maialen Akizu eta Aner Peritz Euzkitze.
Gai jartzailea: Imanol Artola Felix.

20:00. Festak amaitzeko, kalejira Ustekabe txarangaren eskutik.

Eguna argitzean. Gaupaseroen argazkia.

Hemen, puzgarrietako beste bi argazki (utzitakoak):

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide