Intxaurregik irabazi du Aizarnazabalgo XXVI. Sagardo Txapelketa

Nerea Uranga 2022ko irailaren 29a

Herriko bederatzi sagardogilek parte hartu dute Samiel egunez jokatu den txapelketan. Euriagatik, udaletxe azpian atondu dute txapelketa egiteko eta jendea biltzeko tokia. Igandera arte jaiak ez du etenik izango Aizarnazabalen.

Eguraldiak ateri eutsi zuen Samiel bezperan, atzo; ez gaur, ordea. Euritan ospatu dituzte Samiel eguneko festetako ekitaldiak Aizarnazabalen. Goizetik eguerdira artean, Alaitsu dantza eta musika eskolako trikitilariek alaitu zuten herriko giroa, eta aterpean hainbat doinu jo zituzten.

Meza bukatu eta trikitilari gazteen saioaren ondoren, eguerdian Aizarnazabalgo XXVI. Sagardo Txapelketa hasi da. Euriagatik udaletxeko aterpean egin behar izan dute. Txapelketan herriko bederatzi sagardogilek parte hartu dute, eta haiek dastatzeko eta txorizo egosiaren pintxoak jateko aukera izan dute udaletxearen azpian jarritako mahaien inguruan bildu diren herritarrek. Sagardo txapelketaren epaimahaia Unai Alberdik, Oihan Etxabek eta Ander Iriondok osatu dute, eta haiek emandako puntuazioaren arabera, Intxaurregiren sagardoak irabazi du txapela.

Bihar Umeen Eguna ospatuko dute Aizarnazabalen, eta igandera bitartean herriko jaietako ekitaldiek ez dute etenik izango.

Irailak 30, ostirala. Umeen Eguna.

-10:00-13:00. Puzgarriak eskola aurrean eta frontoian.

-13:00. Apar festa.

-15:30-17:30. Puzgarriak eskola aurrean.

-17:30. Txokolatada.

-19:00. Oinatz Bengoetxea pilotariari agurra.
Lau eta erdiko partida: Galarza (Baraibar) eta Txapeil II (Zestoa).
Binakako partidak: Bengoetxea VI – Mikel Goñi II eta Larrañaga – Erasun.
Jaialdia girotzen honako hauek izango dira: Azteca mariatxiak, Angel Mari Peñagarikano bertsolaria eta Joxe Ramon txiste kontalaria.

-21:00. Herri afaria plazan.

Urriak 1, larunbata.

-12:00. XII. Joxe Larrarte pilota memoriala.
Eskuz banaka lau eta erdian: Amaia Aldai eta Miren Larrarte.
Eskuz binaka: Mendizabal III – Albeniz eta Larrañaga – Balerdi.

-16:00. XVI. Mus eta eskoba txapelketak.

-18:00. Herri kirolak. Kirol konbinatuen erakustaldia: harri jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eramatea, korrika eta agurra.
Kirolariak: Amalur Arbelaitz, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Lucia Orbe, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta.
Unax Iruretagoiena Izeta harri jasotze erakustaldia egiten izango da hasieran eta amaieran.

-19:00. Skapaie elektrotxaranga.

Urriak 2, igandea.

-18:30. Bertso jaialdia plazan.
Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Xabat Illaregi, Maialen Akizu eta Aner Peritz Euzkitze.
Gai jartzailea: Imanol Artola Felix.

-20:00. Festak amaitzeko, kalejira Ustekabe txarangaren eskutik.

-Eguna argitzean. Gaupaseroen argazkia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide