Herritarrak festarako irrikaz zeuden arren, eguraldi pattalarekin esnatu da eguna Aizarnazabalen. Euskal Jai Eguna ospatzen ari dira gaur, larunbata, aizarnazabaldarrak, San Miel festen atariko gisa. Goizetik hasi dira ekintzak Aizarnazabalen, eta ondo pasatzeko jolasak egin dituzte frontoian. Ondoren, 12:00etan, Aizarnazabalgo XIII. Artzain Txakur Txapelketa jokatu dute. Bertan parte hartu dute honako artzain eta txakur hauek: Xabier Gaztañaga eta Sandy, Mikel Aizpurua eta Txuli, Javier Gaztañaga eta Cool, Pello Segurola eta Kai, Inazio Irakulis eta Zuri, eta Manuel Gorriti eta Indo. Mikel Aizpurua eta haren txakur Txuli izan dira irabazleak, 287 puntu eskuratuta. Puntu bat gutxiagorekin, 286 punturekin, bigarren sailkatu dira Manuel Gorriti aizarnazabaldarra eta haren txakur Indo.
Bitarte horretan eguerdirako paella prestatzeko lanetan aritu dira herritarrak. Hain zuzen, 300 lagun ingururentzako bazkaria prestatu dute, eta 14:30ean ekingo diote paella janari. Bazkalostea girotzeaz, aldiz, Alaitsu musika eta dantza taldea arduratuko da.
Arratsaldean jarraituko dute ekintzekin. Besteak beste, postre lehiaketa, elektrotxaranga eta dantzaldia izango dira herritarren gozagarri Aizarnazabalen. Hori bai, festa ez da asteburu honetan bukatuko. Asteazkenean ospatuko dute sanmiel bezpera, eta txupinazoarekin murgilduko dira festetan.
Hona hemen datozen ordu eta egunetako egitaraua:
-18:00. Postre lehiaketa. Norbere postreak ordu horretarako ekarri beharko dira udaletxe azpira.
-19:00. Elektrotxufla elektrotxaranga.
-22:00. Dantzaldia Bide Batez taldearekin.
Irailak 28, asteazkena. Samiel bezpera.
-19:30. Txupinazoa.
-Ondoren. Poteoa Julen eta Manex trikitilariekin.
-22:00. Dantzaldia Iratzar taldearen eskutik.
Irailak 29, osteguna. Samiel eguna.
-10:00. Diana Alaitsu musika eta dantza eskolako trikitilariekin.
-11:00. Meza.
-Ondoren. XXXVI. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
-17:00. Bingoa plazan.
-18:30. Mesede bat egitearren kale antzerkia, Trapu Zaharra taldearen eskutik.
-22:00. Dantzaldia Laket taldearen eskutik.
Irailak 30, ostirala. Umeen Eguna.
-10:00-13:00. Puzgarriak eskola aurrean eta frontoian.
-13:00. Apar festa.
-15:30-17:30. Puzgarriak eskola aurrean.
-17:30. Txokolatada.
-19:00. Oinatz Bengoetxea pilotariari agurra.
Lau eta erdiko partida: Galarza (Baraibar) eta Txapeil II (Zestoa).
Binakako partidak: Bengoetxea VI - Mikel Goñi II eta Larrañaga - Erasun.
Jaialdia girotzen honako hauek izango dira: Azteca mariatxiak, Angel Mari Peñagarikano bertsolaria eta Joxe Ramon txiste kontalaria.
-21:00. Herri afaria plazan.
Urriak 1, larunbata.
-12:00. XII. Joxe Larrarte pilota memoriala.
Eskuz banaka lau eta erdian: Amaia Aldai eta Miren Larrarte.
Eskuz binaka: Mendizabal III - Albeniz eta Larrañaga - Balerdi.
-16:00. XVI. Mus eta eskoba txapelketak.
-18:00. Herri kirolak. Kirol konbinatuen erakustaldia: harri jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eramatea, korrika eta agurra.
Kirolariak: Amalur Arbelaitz, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Lucia Orbe, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta.
Unax Iruretagoiena Izeta harri jasotze erakustaldia egiten izango da hasieran eta amaieran.
-19:00. Skapaie elektrotxaranga.
Urriak 2, igandea.
-18:30. Bertso jaialdia plazan.
Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Xabat Illaregi, Maialen Akizu eta Aner Peritz Euzkitze.
Gai jartzailea: Imanol Artola Felix.
-20:00. Festak amaitzeko, kalejira Ustekabe txarangaren eskutik.
-Eguna argitzean. Gaupaseroen argazkia.