Bi urteko geldialdiaren ostean, Samiel jaiak itzuliko dira Aizarnazabalera. "Bi urtez egon gara lehortean, eta ez nahi izan dugun bezala. Aurtengoan, ordea, samielak betiko eran datoz", adierazi du Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak. Larunbat honetan –irailak 24– hasiko dituzte festak, Euskal Jai egunarekin, eta urriaren 2an –igandea– amaituko dituzte. Bitarte horretan, izango da zertaz gozatua herrian.
Jaien atarian, falta direnak gogoan izan ditu Arregik. "Falta diren horien omenez, hemen gaudenoi gure herriko jaiak berpizteko, indartzeko, elkartzeko eta gozatzeko deia egiten dizuegu". Festetan errespetuak duen garrantzia ere nabarmendu du: "Jatorri, arraza, erlijio, sexu, genero eta adin desberdinetako jendeak osatzen dugu gure herria. Denon esku dago herrian errespetuz eta modu askean bizitzea. Zaindu dezagun elkar, eta goza ditzagun festak berdintasunean, elkarrekin eta indarkeriarik gabe".
Aurtengo jaiak antolatzeko, "elkarlana eta ahalegina" ezinbestekoak izan direla adierazi du alkateak. Pandemiaz geroztik, "berriro ere zerotik hastea" egokitu zaiela esan du, eta erronka horri aurre egiteko, hainbaten lana beharrezkoa izan dela azpimarratu: "Herriko boluntario guztiek egin duten lana, jaien antolakuntza lanetan parte hartu duten herritarrak, jaiak iristean lana aurrera ateratzen dutenak eta udaleko langileak eskertu nahi ditugu". Era berean, Aizarnazabalek "esentzia berezi bat" duela nabarmendu du Arregik. "Festak denok batera, alaitasunean eta giro ezin hobean bizi ohi ditugu. Ospa ditzagun inoiz baino dantza, salto, irri, musu eta besarkada gehiagoz, inoiz baino poz eta naturaltasuz handiagoz".
Indarkeria matxistarik ez
Festen atarian, indarkeria matxistaren aurkako jarrera erakutsi du Aizarnazabalgo Udalak. Herriko festak "denek berdintasunean eta indarkeriarik gabe" bizitzeko espazioa direla nabarmendu du erakundeak, eta elkar errespetatzeko eta inor ez epaitzeko eskatu du. "Emakume edo LGTBIQ+ pertsonak iraintzen ari direnei aurre egin; ez onartu txiste matxista, homofobo eta diskriminatzaileak", adierazi du. Era berean, erasotua izaten ari den pertsonaren batekin egonez gero, hura bakarrik ez uzteko eskatu du, eta taberna edo txosnagune batean erasoren bat gertatzen bada, argiak pizteko eta musika gelditzeko deia egin du. "Erasotzailea identifikatu ostean tabernatik bota", erantsi du.
Egitaraua
Hona hemen festetako egitaraua:
Irailak 24, larunbata. Euskal Jai eguna.
-Goizean zehar. Argazki txokoa parkean.
-10:30. Ondo pasatzeko jolas herrikoiak.
-12:00. Aizarnazabalgo XIII. Artzain Txakur Txapelketa. Txakurrak eta artzainak: Xabier Gaztañaga eta Sandy, Mikel Aizpurua eta Argi, Javier Gaztañaga eta Cool, Pello Segurola eta Lur, Inazio Irakulis eta Beltx, eta Manuel Gorriti eta Turbo.
-14:30. Paella jan herrikoia. Alaitsu musika eta dantza taldeak bazkalostea alaituko du.
-18:00. Postre lehiaketa. Norbere postreak ordu horretarako ekarri beharko dira udaletxe azpira.
-19:00. Elektrotxufla elektrotxaranga.
-22:00. Dantzaldia Bide Batez taldearekin.
Irailak 28, asteazkena. Samiel bezpera.
-19:30. Txupinazoa.
-Ondoren. Poteoa Julen eta Manex trikitilariekin.
-22:00. Dantzaldia Iratzar taldearen eskutik.
Irailak 29, osteguna. Samiel eguna.
-10:00. Diana Alaitsu musika eta dantza eskolako trikitilariekin.
-11:00. Meza.
-Ondoren. XXXVI. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa.
-17:00. Bingoa plazan.
-18:30. Mesede bat egitearren kale antzerkia, Trapu Zaharra taldearen eskutik.
-22:00. Dantzaldia Laket taldearen eskutik.
Irailak 30, ostirala. Umeen Eguna.
-10:00-13:00. Puzgarriak eskola aurrean eta frontoian.
-13:00. Apar festa.
-15:30-17:30. Puzgarriak eskola aurrean.
-17:30. Txokolatada.
-19:00. Oinatz Bengoetxea pilotariari agurra.
Lau eta erdiko partida: Galarza (Baraibar) eta Txapeil II (Zestoa).
Binakako partidak: Bengoetxea VI - Mikel Goñi II eta Larrañaga - Erasun.
Jaialdia girotzen honako hauek izango dira: Azteca mariatxiak, Angel Mari Peñagarikano bertsolaria eta Joxe Ramon txiste kontalaria.
-21:00. Herri afaria plazan.
Urriak 1, larunbata.
-12:00. XII. Joxe Larrarte pilota memoriala.
Eskuz banaka lau eta erdian: Amaia Aldai eta Miren Larrarte.
Eskuz binaka: Mendizabal III - Albeniz eta Larrañaga - Balerdi.
-16:00. XVI. Mus eta eskoba txapelketak.
-18:00. Herri kirolak. Kirol konbinatuen erakustaldia: harri jasotzea, giza proba, aizkora, txinga eramatea, korrika eta agurra.
Kirolariak: Amalur Arbelaitz, Nerea Arruti, Karmele Gisasola, Lucia Orbe, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta.
Unax Iruretagoiena Izeta harri jasotze erakustaldia egiten izango da hasieran eta amaieran.
-19:00. Skapaie elektrotxaranga.
Urriak 2, igandea.
-18:30. Bertso jaialdia plazan.
Bertsolariak: Aitor Mendiluze, Xabat Illaregi, Maialen Akizu eta Aner Peritz Euzkitze.
Gai jartzailea: Imanol Artola Felix.
-20:00. Festak amaitzeko, kalejira Ustekabe txarangaren eskutik.
-Eguna argitzean. Gaupaseroen argazkia.