Uztailaren 29an hasita, martxan dira XXVI. Kintopeko Idi Probak Aizarnazabalen, eta bihar, astelehena, izango da azken saioa, dena erabakiko dena. Izan ere, bost saiotan hiruna idi parek parte hartu dute, eta bihar beste hirunaren txanda izango da. 22:00etan jokatuko dute proba, frontoian.
Atzo, zapatua, ere izan zen saio bat, eta Billabaso, Usaizti eta Armaolea lehiatu ziren. Atzora arte Txokolate errezildarra zegoen sailkapenaren buruan, 54 plaza, zazpi zinta eta 2,94 metro eginda. Atzo, baina, aurrea hartu zion Jatabeko (Bizkaia) Billabasok: haren idi pareak 62 plaza, hiru zinta eta 2,33 metro egin zituzten.
Ikusteko dago, beraz, norentzat izango den aurtengo kintopeko sari nagusia. Bihar Zornotza anaien (Zalla), Igone Pagadizabalen (Hondarribia) eta Belamendiren (Errezil) idiak ariko dira nor baino nor, plaza gehiago zeinek egin.
(Argazkiak: Ibon Errazu Uria)