Ostiralaz geroztik, San Kristobal jaiak ari dira ospatzen Aizarnazabalgo Saiatz auzoan. Gaur eguerdi partean ere dozenaka lagun izan dira plazan. Hain zuzen, 12:30ean hasita, meza izan da auzoko ermitan, eta elizkizunaren ostean, auzoan ziren autoak bedeinkatu ditu apaizak. Gero hasi da Alaitsu dantza taldearen emanaldia; askotariko euskal dantzak eskaini dituzte taldeko kideek.
Hiru eguneko festak ari dira bukaerara iristen, baina oraindik izango da zer egin auzoan. Izan ere, 18:00etan herri kirol jaialdia eskainiko dute Lur Errekondok, Lierni Osak, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.ak, Iñaki Errazkinek eta Unax Iruretagoienak. Ondoren, Izer eta Alabierrekin erromeria izango da, eta gosetzen direnek txabolan otartekoak afaltzeko aukera izango dute.