Martxan da Aizarnazabalgo gazte lokala

Mailo Oiarzabal 2022ko ekainaren 17a

Hogeitik gora lagun elkartu dira 12 eta 16 urte artekoek erabili ahalko duten lokalaren irekierarako, eta merienda batekin ospatu dute irekiera. Lauburu eraikineko beheko solairuan dago, lehen adinekoek erabiltzen zuten lokala da, hain zuzen. Ostiraletik igandera erabili ahalko dute lokala gaztetxoek, udalarekin adostutako erabilera araudiaren arabera.

Aizarnazabalgo gaztetxoek jaso dituzte beren bilgune berria izango denaren giltzak. Gaur arratsaldean ireki dute gazte lokala Lauburu eraikineko beheko solairuan, lehen adinekoek erabiltzen zuten toki berean, anbulatorioaren aldamenean.

12 eta 16 urte artekoek dute lokala erabiltzeko aukera. Herriko gaztetxoek beraiek eskatuta jarri du martxan udalak gune berria, eta gaztetxoen parte hartzearekin adostu dute lokalaren erabilerarako araudia ere. Horrela, erabiltzaileak beraiek arduratuko dira lokalaren kudeaketaz. Ostiraletik igandera irekiko ditu ateak, momentuz Lauburuko gazte lokalak; ostiralean jasoko dituzte giltzak gaztetxoek, eta igandean itzuli egin beharko dituzte.

Hain zuzen ere, gaurko irekiera ekitalditxoan lehen aldiz utzi ditu lokalaren giltzak gaztetxoen esku Mari Karmen Arregi alkateak. "Lokalak ez dauka momentuz ekipamendu handirik. Gazteek gogokoen duten moduan joango dira atontzen", adierazi du Arregik. Irekieraren aurretik erabiltzaile gazteenekin ere elkartu da udala, aurten 12 urte egin dituztenekin, erabilera araudiaren berri emateko.

Hogeitik gora gaztetxo elkartu dira gaurko inauguraziorako. Musikaz girotutako meriendaz gozatzeko aukera izan dute guztiek, lehen asteburuari ondo ekiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide