Erlojupeko Gipuzkoako txirrindularitza txapelak banatu ditu Gervaisen Oroimenezkoak

Mailo Oiarzabal 2022ko ekainaren 15a

Aizarnazabalen jokatu dira aurten ere txapelketak. Mikel Mujika elite mailan, Haimar Etxeberria 23 urtez azpikoetan, Xubane Garai emakumeen maila nagusian, Arene Perez junior emakumeetan, Beñat Garaiar junior gizonetan eta Guillermo Prieto txirrindularitza egokituko lasterketan izan dira txapeldunak.

Atzo arratsalde-iluntzean jokatu zen Aizarnazabalen aurtengo Gervaisen Oroimenezkoa eta, urtero legez, bertan erabaki ziren erlojupeko txirrindularitzako Gipuzkoako txapelak ere; sei, guztira.

Gizonen Elite eta 23 urtez azpikoen txapelak jardunaldiko azken lasterketan erabaki ziren, ohi bezala. Elite mailako txirrindulari bakarra lehiatu zen bertan, Mikel Mujika. Telcon taldekoa izan zen irteten azkena, eta berak egin zuen denbora onena, lasterketa eta Elite mailako txapela bereganatuz; 26 minutu eta 39 segundotan osatu zuen Mujikak 21 kilometroko ibilbidea. Haimar Etxeberria (Caja Rural-Alea) izan zen bigarrena, 41 segundora, eta beretzat izan zen 23 urtez azpikoen txapela. Lasterketa nagusiko podiumean hirugarren eta 23 urtez azpikoetan txapeldunorde, berriz, Aitor Agirre (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) zumaiarra izan zen, Mujikaren markatik minutu batera. Zarauzko Grupo Eulen-Nuuk taldeko Asier Azkaratek osatu zuen 23 urtez azpiko gizonen podiuma.

Ibilbide laburragoa osatu zuten gainerako mailatako txirrindulariek, 14,5 kilometrokoa. Emakumeen maila nagusian Xubane Garaik (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa) jantzi zuen txapela (22:45), Eneritz Urrutiarentzat (Bolintxo Okindegia-Lana) izan zen zilarra, eta Naya Mangasentzat (Zatika) brontzea.

Junior mailan, Beñat Garaiarrek (Augar-Laguntasuna) irabazi zuen mutilen lasterketa (20:20), Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) sailkatu zen bigarren, eta Iker Zabaleta azpeitiarrak (Atracciones Sanz-Epi Kristaldegia) osatu zuen podiuma, brontzezko domina eskuratuta. Junior nesketan Arene Perezentzat (Zatika) izan zen txapela (23:57), Naroa Olano taldekidearen eta Itxaso Plazaren (Bolintxo Okindegia-Lana) aurretik.

Egokitutako txirrindularitza txapelketa ere jokatu zuten atzo Aizarnazabalen, eta Guillermo Prieto (Zuzenak) izan zen irabazlea (22:34). Aitor Oleagarentzat (Saiatu Fundazioa) izan zen zilarrezko domina, eta Aritz Martiarenarentzat (Kemen) brontzezkoa.

Hemen, lasterketa nagusian ateratako argazkiak eta podiumekoak:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide