Aizarnazabalgo Udalak gazte lokala irekiko du Lauburuko beheko solairuan, herriko gaztetxoek egindako eskariari erantzunez. Ekainaren 17an zabalduko dute, 17:30ean. Ordutik, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoek erabiltzeko aukera izango dute.
Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak azaldu duenez, herriko gaztetxoek egindako eskaerari erantzuteko irekiko dute lokala. "Aizarnazabalen badago Gaztetxea, 16 urtetik gorakoak elkartzen dira bertan. Herritar multzo bat, 12 eta 16 urte artekoena, neguan-eta pixka bat zintzilik gelditzen zen, elkartzeko tokirik gabe. Horretarako toki bat eskatu zuten, eta zerbitzu hori emateko gazte lokala irekitzea erabaki zen".
Gazte lokala ireki aurretik, ordea, lanketa bat egin dute gaian aditua den enpresa bateko bi kiderekin eta gazteekin. "Gazte lokalaren erabilerarako araudi bat prestatu da gaztetxoen beraien parte hartzearekin, eta haiekin adostu da lokalaren funtzionamendua ere", adierazi du Arregik.
Gazte lokalaren erabiltzailea izateko ezinbestekoa da gurasoek beren seme-alaba baimentzea, eta horretarako izena emateko orria bete beharko dute. Orri hori Aizarnazabalgo udaletxean edota Liburutegian eskuratu daiteke, eta behin beteta, bi leku horietako batera eraman beharko da. Gaur bukatuko da izena emateko epea.
Bihar, berriz, gazte lokala erabiltzeko izena ematen duten gaztetxoen gurasoekin bilera bat egingo dute udalekoek, 18:00etan, gazteen txokoan bertan, Lauburun. Batzar horretan gazte lokalaren araudia eta funtzionamendua azalduko dituzte, besteak beste.
Asteburuetan irekita
Hilaren 17an zabalduko dute Aizarnazabalgo gazte lokala, eta hasiera batean asteburuetan bakarrik egongo da erabilgarri. Ostiraletan 16:30etik 23:00etara bitartean, eta larunbatetan eta igandeetan 10:30etik 23:00etara. "Herriko gaztetxoak biltzeko, elkarrekin egoteko, esku lanak egiteko eta bizikidetzarako txoko bat izango da. Gainera, erabiltzaileek ardura batzuk kontuan hartuta erabili beharko dute. Hau da, ostiraletan giltza hartuko duen arduradun bat egongo da, eta horrek igandean giltza itzuli beharko du berriro", azaldu du alkateak lokalaren funtzionamendua.
Oraingoz asteburuetan bakarrik irekiko badute ere gazte lokala, «funtzionamenduaren eta beharren arabera zerbitzua fintzen» joango direla esan du alkateak.
Aitona-amonen txokoa tokiz aldatuta
Gazte lokala lehen aitona-amonen txokoa zen tokian jarri du Aizarnazabalgo Udalak, alkateak azaldu duenez: "Herriko adinekoekin bilera ireki bat egin genuen, eta han parte hartu zutenek aitona-amonen txokoa lehengo Indamendi kultur etxean egotea nahiago zutela adierazi ziguten. Horregatik, aitona-amonen txokoa tokiz aldatu dugu, eta egun Lauburun egon beharrean Indamendi eraikinean dago".